Arkupeak elkarteko 105 bazkidek Benidormerako bidea hartu zuten irailaren 29an, Irun eta Elizondotik abiatu ziren bi autobusetan. Helburua: hamabortz egunetako oporrez gozatzea.
Ohitura den bezala, hiru geldialdi egin ziren: bat Castejonen (Nafarroa) kafea eta pintxoren bat hartzeko, eta hurrengoa Darocan (Zaragoza, Espainia) bazkaltzeko. Han zeudela jakinarazi zieten Fenicia hoteletik, hurbileko hodi batzuetan izandako matxura tarteko, udaltzaingoak hotelera autobusean joateko sarbidea itxi zuela, eta hortaz, oinez edo taxian egin beharko zituztela azken 300 metroak.
Maletak furgoneta batean hurbiltzeko ahaleginak ere egin ziren, baina hiri guztian bat lortzea ezinezkoa izan zen. Azkenean, Pedro eta Miguelek hoteletik ahalik eta hurbilen utzi zituzten bidaiariak.
Hirugarren geldialdia Pineda (Tarragona, Herrialde Katalanak) izan zen, eta hala, bidaia luzea izan arren, erramangarria egin zen. Behin Benidormera ailegatuta, 83 bazkide Fenicia hotelera joan ziren eta 22 Bristol hotelera.
Zentzu guztietan, egonaldia oso atsegina izan zen: hotelak hondartzatik hurbil daude, bietan zerbitzu ona eskaini zen, aukera zabala jaterakoan eta kalitatekoa, eguraldia eta tenperatura zoragarria eta elkarbizitza ezin hobea. Gisa honetara, egunak laburrak egin ziren, eta etxerakoan bi sentimendu nagusitu ziren: etxera bueltatzeko poztasuna eta nostalgia, lasaitasuna eta deskantsua bukatu zirelako.
Benidormeko egonaldiaren ondotik, hilaren 20an Lizarra eta Lodosara joatekoak ziren eta lerro hauek idazterakoan 170 lagunek emana zuten izena. Abenduan, berriz, urteko besta ospatuko da Donezteben. Hildako bazkideen aldeko mezaren ondotik, kiroldegian bazkaria eta dantzaldia izanen dituzte.
Azkenik, erran, Benidorm edo Arkupeak-eko loteriaren dezimoren bat erosi dutenek ea poztasun bat izaten duten.