Euskararen Egunaren aitzakian bi egun eder pasatu dituzte herritarrek

Fermin ETXEKOLONEA 2011ko urriaren 27a

Ez zen ekitaldirik falta izan Euskararen Eguna tarteko antolatu ziren bi egunetan. Izaskun Zubialde

Gazteek aurreikusitako egitarau guztia bete da

Eguraldiak sobera lagundu ez bazuen ere, giro ederrean joan ziren Euskararen Egunaren harira antolatutako bi egunetako ekitaldiak.

Bez­pera ere ez zuten ekitaldirik gabe utzi gaz­teek. Pintxo lehiaketara hamaika partaide aurkeztu ziren eta guztien artean Lizartzako Iñaki Sanchez izan zen txapel­dun eta Elutsako Maialen Elizalde bigarren. Egun berean, Patziku Perurena idaz­leak eta Andres Iñigo euskaltzainak hitzaldia eskaini zuten eta interesgarria izan zen hau ere. 40 bat lagun bildu ziren. Mus txapelketa ere jokatu zen ostiralarekin eta honetan hamabi bikote aritu ziren. Guztien artean, Joseba Juanikorena eta Martxel­ Elizalde izan ziren txapel­dun, eta Mikel Beltza eta Lopeko Juanto biga­rren.

Larunbata izan zen egun nagusia eta goizean goizetik txistu eta joare soinuak zabaldu ziren herrian. Artisau azoka ere egin zen eta honetan hamaika lagun atera ziren: egur lanak erakustera Xanti Uhalde eta Migel Arregi atera ziren; Joxe­pa Loiarteren taldeko talogileak ere han izan ziren; okindegiko Karmelek ogiak eta eztiak atera zituen; Fausti Juaniko­renak bere jantziak erakutsi zituen; Domintxe­neko Maribel piper opile­kin atera zen; Elizgaineko Lurdesi barazkiak eta etxeko produktuak ikusi genizkion; Andrew eta Itziar oihalekin egindako lanekin atera ziren; Iñaki Sanchezek birzikla­tutako gauzekin egindako irudiak erakutsi zizkigun; Ainhoa Mutuberria eskulanekin atera zen eta Eva Elizaldek Gazte Guneko neska-mutikoek egindako lanak atera zituen plazara. Guztien lana eskertzekoa da.

Aizkora apustua ere ikusgarria izan zen. Mikel Palaxio eta Joxeantonio Loiarte herritarrek kolpe pare batengatik ez zieten irabazi Leonardo Goñi eta Raul Kastrori. Saio polita ikusi­ta, kontent gelditu zen jendea.

Magra eta gaztaren pisura gehien hurbildu zirenak, berriz, Arantxa Mutuberria eta Joseba Aragon izan ziren, hurre­nez hurren. Eta herri bazkarian, 90 bat lagun bildu ziren, Julio Soto eta Julen Zelaietarekin giro ederra sortuz.

Haurren talo tailerrak ere arrakasta izan zuen, 40 bat neska-mutiko elkartu baitziren. Tailer honetan, eskertzekoa da Lurdes Elizalde eta Anita­ Uhaldek egindako lana.

Herriko dantzarien saioa ere polita izan zen eta gaueko kontzertuek eta dantzaldiak ere ez zuten hutsik egin.

Guztia ongi joateko gazteek lan ederra egin zutela agerian geldi­tu zen, eta ea aurrera segi­tzen duen honek, egun polita baita herria­rentzat­.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun