Malerrekako eskuz binakako hamargarren pilota txapelketan izena emateko epea zabaldu du Erreka elkarteak. Pilotariak lehen mailako benjaminetan, alebinetan, infantiletan, kadeteetan, jubeniletan, 22 urtez azpikoetan eta senior elite kategoriatan lehiatuko dira. Kategoria guzietan lehiaketa irekia izanen da, senior elite lehiaketan izan ezik, hemen pilotariak gonbidatu eginen baitituzte.
Bigarren urtez Diario de Noticias izena hartuko duen txapelketa kanporaketa bidez jokatuko da eta 2012ko urtarril erdialdera hasita, otsaileko azken asteburuan edo martxoko lehenbizikoan akitzea espero da. Federatutakoek azaroaren 13a arteko epea izanen dute izen emateko, horretarako salaae@gmail.com-era edo 948 450991 fax zenbakira idatzi eta telefonoa edo posta elektronikoa utziz.
Txapelketako partida gehienak igande goizetan jokatuko dira, asteazken arratsaldetan jokatuko diren batzuk izan ezik. Legasan benjamin mailakoak, Iruritan alebin mailakoak, Lesakan infantilenak, Donezteben kadeteenak, Beran jubenil eta 22 urtez azpikoak eta Donezteben seniorrenak.