Larunbat arratsaldetik nabaritu zen besta giroa herrian. Mus txapelketan bederatzi bikotek parte hartu zuten eta irabazleak Xalba Zubieta eta Joxe Paccini izan ziren; bigarrenak Eñaut Iparragirre eta Asier Zelaieta eta hirugarrenak Kike Otazo eta Yugeros. Ondotik antzerkia izan zen Kultur Etxean. Bi aktore ezagunak hantxe aritu ziren jendaurrean berain musika tresnekin giro ezin hobea jartzen. Hagitz arrakastatsua izan zen, Kultur Etxea bete egin baitzen. Gero, jendea plazara hurbiltzeko txalapartak lagundu zuen eta pintxo eta sagardo dastaketa izan zen. Egunaren akaberan, berriz, gazte afaria izan zen La Basque jatetxean eta ondotik kontzertuak izan ziren, goizaldera arte giroa luzatuz. Usategietako Igandean, berriz, goizen goizetik jende parrasta hurbildu zen usategietara. Eguraldia primerakoa atera zen, nahiz eta goizean lainoa izan. Hori bai, usazaleek, ehizturiek eta hurbildu ziren guztiek ere ez zuten uso aunitzik ikusteko aukerarik izan, dozena bat uso bakarrik erori baitzen sarean. Arratsaldean, Egan taldearekin plaza bete zen eta dantzan aritzeko aukera polita izan zen. Urtero bezala, ilunabarrean boletoen zozketa egin zen eta lehenbiziko eta bigarren sariak ez dira oraindik atera. Lehenbiziko saria (12 uso bizirik) 7.470 zenbakiari dagokio eta bigarren saria (bi lagunentzako afaria) 5.722 zenbakiari. Hirugarren saria (denda kanpina) Jose Angel Ariztegik eraman zuen, 5.743 zenbakiarekin. Norbaitek lehenbiziko bi sariak dituen txartela baldin badu, Altxatarekin jarri behar du harremanetan: 677 031920 (Edurne).