Badira zenbait urte Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan Solaslagun egitasmoa abian paratu zela, euskaraz mintzatzeko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzen dituen programa, alegia. Eta urtetik urtera, gero eta jende gehiagok bat egiten du euskara erabili eta hobetzeko hitzorduekin. Aurten ere Solaslagun proiektua martxan paratu nahi da Bortzirietan, Baztanen eta Malerrekan eta izena emateko epea zabaldu da. Urriaren 31 bitarte telefono edo helbide honetan apuntatu beharko da: 610 920673 edo solaslaguna@min tzapraktika.org. Nahiz eta talde batzuk urrian hasi, apuntatzeko aukera gerora ere izanen da eta informazio gehiagorako Bortziriak, Malerreka eta Baztango euskaltegietan galde daiteke, baita Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateetan eta Baztango udaletxean ere.
Joan den urtean, osotara 40 lagun aritu ziren Solaslagunean eskualdean. Baztanen lau talde, Malerrekan hiru eta Bortzirietan bi.
Euskaldun zahar zein berriek hagitz paper garrantzitsua jokatzen ahal dute euskara ikasi edo hobetzeko premia duten herritarrei lagunduz. Eta hori giro atseginean eta gustuko jarduera bat egiten lortzen denean, esker oneko kontua dela azpimarratu dute proiektuaren sustatzaileek.
Berrikuntzak
Aurtengo Solaslagunak hainbat berrikuntza izanen ditu. Horietako bat Gurasolagun izanen da, guraso taldeak eratzeko saiakera, hain zuzen. Ikastetxeetako gurasoendako propio prestatutako mintzapraktika saioak dira, eta horretarako, gurasoak ikastetxeetan egoten diren denbora aprobetxatuko litzateke mintza taldeak antolatzeko.
Mintzalawood ere aurtengo nobedadea da, bertzela erranda, mintzapraktika egitasmoaren berri emateko ekimena. Topaguneak panel haundi bat prestatu du, jendeak bertan argazkiak ateratzeko, panelaren bi zuloetan aurpegiak jarri eta argazkiak ateratzeko. Mintzapraktika programaren izarra norbera dela adierazi nahi da honen bidez.
Material hori aprobetxatuz, postua paratuko da Elizondo (urriak 28), Doneztebe (azaroak 18) eta Lesakako ferietan (azaroak 24), 11:00etatik 13:00etara, eta jendeak informazioa eskatzeko eta nahi izanez gero, apuntatzeko aukera izanen du. Mintzapraktiketako lau metroko banderola haundi bat ere izanen da postuaren arreta bereganatzeko.
Aurkezpen luntxak ere eginen dira Bera, Doneztebe eta Elizondon azaroko lehenbiziko bi asteetan, eta horietan ere informazioa eskatzeko aukera izanen da.
Solaspoteoa deritzon ekimena ere eginen da aurten. 2009an Baztanen egin zen, 2010ean Malerrekan eta aurten Bortzirietan egitea aurreikusia dago, musika, janaria, edaria eta giro on eta alaian jendea ezagutzeko. Horrez gain, hilabetean behin, saio osagarriak eginen dira.