Euskaraz alfabetatzeari balorea ematen zaio baina ez da lehentasun gisara hartzen

Aitor AROTZENA 2011ko urriaren 27a

Euskaltegiaren matrikulazio kanpainaren barrenean, Bortzirietako gurasoek ipuina irakurri zuten Lesakan. Aitor Arotzena

Kontzientziazio lanaren beharra somatzen dute ikerketan parte hartu duten herritarrek

Euskararen eta zehazki alfabetatze prozesuaren gainean dauden diskurtso, motibazio eta esperientzia ezberdinak mahai gaineratzea eta Euskara Zerbitzuen egitasmo eta esku-hartzeak gidatzeko informazio baliagarria eskuratzeko helburuarekin Baztan, Bortziriak, Larraun, Leitzaldea, Malerreka eta Ultzama aldean ikerketa egin du Aztiker Ikerguneak, gure inguruko Euskara Zerbitzuek hala eskatuta.

 

24 herritarrek parte hartu dute Baztango, Bortzirietako, Larraun­go, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako, Malerrekako eta Ultzamaldeko Euskara Zerbitzuen eskutik Aztikerrek egindako ikerketan: 12 emakumek eta 12 gizonek. Hiru elkarrizketa sakon egin dira, Bortzirietan alfabetatu batekin, Larraunen alfabetatu gabeko batekin eta Leitzan alfabetatze bidean ari den batekin. Lau eztabaida talde ere egin dituzte, Bortzirietan, Larraunen eta Malerrekan bana alfabetatu gabeekin eta Bortzirietan bertze bat alfabetatze bidean direnekin eta alfabetatuekin.

Ikerketak informazio ugari eta aberatsa eskaini du eta ondorio ba­tzuk ateratzen ahal dira.

 

Alfabetatzearen balorea

Alfabetatzeari (iraku­rrian eta idatzian euskaraz ongi eta eroso ari­tzeari) balorea ematen diote elkarrizketatuek (ez dugu diskurtso ezaxola edo gutxieslerik aditu). Bertzerik da ho­rretarako premia duenak euskara maila hobetzeko euskaltegian izena emateko erabakia har­tzea.

Parte hartzaileen iri­tziz, euskara ikasi edo alfabetatu beharrean herritar aunitz dago (haiek­ eta beren ingurukoak tartean). Hortik ondorioztatzen da herritar horiengana ailegatzeko ahalegina egitea dagokigula (normalizazio lanetan aritzen garen eragileoi), irakurrian eta idatzian euren euskara maila hobetuko badute.

Euskara ikastea (irakurri eta idatzi) eta hiz­kun­tza ohiturak alda­tzea (gaztelaniatik euskarara) posible da: parte hartzaileen esperien­tziak hori egiazta­tzen du.

 

Irakurri eta idazteko ohitura

Orokorrean ohitura gutxi dute parte hartzaileek euskaraz irakurri eta idazteko. Alde ho­rretatik, aunitzek gorai­pa­tzen dute TTIPI-TTAPAk euskara ulerterrazean egiten duen lana.

 

Euskaraz alfabetatua egotearen onurak

Euskaraz irakurtzen eta idazten moldatzen ez direnek askatasun edo autonomia falta nabaritzen dute hiztun bezala hainbat arlotan moldatzeko.

Alfabetatzea eta euskara maila hobetzea hain­bat gauzatarako da beharrezkoa (zenbait lanpostutarako, hainbat dokumentu ulertzeko, euskaraz irakurtzeko eta idazteko gai izateko…) edo gutxienez onuragarria. Gurasoek seme-alabei laguntzeko (ber­tzeak bertze, eskolako zereginetan) ezinber­tzekoa dela azpimarratu dute hainbat parte hartzailek. Alfabetatu zirenek arra­zoi hauek eman dituzte prozesua burura eramateko: lana edo titulua lortzea, seme-alabei laguntzea, euskalkiaz gehiago jakitea, eta jokoz kanpo ez geldi­tzea.

Alfabetatu direnek edo orain bide horretan ari direnek, orokorrean, aurreikuspenak bete dituzte (edo betetzen ari dira): lana edo titulua lortzea, irakurketa eta idazketa hobetzea, eta semealabei modu egokian laguntzea.

Alfabetatze prozesua burutu dutenek bertze onura batzuk ere aipatu dituzte, irakurri eta idazteko gai izateaz gain: euskara batua ikasi eta ulertzea (bertze herrialdetako euskaldunekin elkar ulertzea) eta euskalkian eta bertako hiztegian sakontzea.

 

Kontzientziazio lanaren beharra

Nolanahi ere, bada etsipen punttu bat elkarrizketatuen mintzoan, izan ere, alfabeta­tzearen kontrako diskurtsorik ez badago ere, agerikoa da sozialki ez dela lehentasuntzat jo­tzen. Hortaz, kontzien­tziazio lanaren beharra sumatzen dute, eta ho­rretan eragin beharra dute baikorki Euskara normalizazioan ari diren eragileek.

 

Hobetzeko proposamenak

Euskara zerbitzuek herritarren sentsibilizaziorako egiten duten lanari buruzko iritzia galdetuta, oro har ez dituzte sobera ezagutzen egiten diren kanpainak eta gisakoak. Azken urteotan egindako kanpainak erakutsi zaizkienean, horiek hobetzeko proposamenak eta kontuan hartzeko oha­rrak egin dituzte, hu­rrengo urteotako esku hartzeetan euskara zerbitzuek presente izateko.

Modu berean, euskaltegien funtzio sozialari ikaragarrizko ga­rrantzia eman diote. Hortik abiatuta, euren eskaintza herritarren beharretara egokitzeko proposamenak eta kontuan hartzeko oharrak egin dituzte, euskararen irakaskuntzaz arduratzen diren eragileek euren eskaintza hobe­tzeko baliagarriak izaten ahal direnak.

 

ELI ASTIASARAN, AZTIKER IKERKETA TALDEKOA

«Euskaltegien lana ez da ezagutzen»

• Alfabetatzea ongi dago, baina ez premiazkoa. Hori litzateke ikerketaren ondorio nagusia?

Diskurtso guztiak alfabetatzearen aldekoak dira, baina zalantzatan jar­tzen dute beharrezkoa ote den. “Ongi etorriko litzaidake alfabetatzea, baina ez dago nere lehentasunen artean”, horrela laburbiltzen ahal da iritzi orokorra.

• Alfabetatzearen inguruko pertzep­tzioa aldatzen da, elkarrizketatua bera alfabetatua, alfabetatze bidean edo alfabetatu gabea izan?

Ez da ezberdintasun argirik somatzen. Ezin da esan alfabetatuek diskurtso positiboagoa dutenik alfabetatu gabeek baino. Hori pertsonalagoa da, norberak euskararekin duen konpromisoaren araberakoa.

• Elkarrizketatuek aipatzen duten kontzientziazio lana nola gauzatu beharko litzateke?

Hori da aipatzen duten gauza bat, bere buruari autokritika pixka bat eginez, baina nola egin… hori oso zaila da, “jakinen bagenu ez ginake hemen horrela egongo” diote. Inguru horretan, euskaltegien funtzioa ere gehiago lotzen da euskara ikastearekin alfabetatzearekin baino. Ez dakite zenbat talde dauden, zertan ari diren…

 

ANGEL URTXEGI, euskaraz alfabetatu gabea

«Seme-alabei etxeko lanetan laguntzeko komeni da euskara idatzia ongi menperatzea»

Angel Urtxegi igantziarrak ikerketako eztabaida talde batean parte hartu zuen. Ikasketak gazteleraz egin zituen eta ez da euskaraz alfabetatu, «gaur egun horretarako denborarik» ez duelako. Arantzako Herriko Etxeko langilea da eta Igantziko zinegotzia, hiru seme-alaben aita.

Bilera bat egin zuten Beran eta alfabetatzearen inguruko iritziak bildu zituzten. «Gure kasuan, gehienok ama-hizkuntza euskara genuen, baina eskolan gazteleraz ikasitakoak ginen, alfabetatu gabeak».

Ikerketaren ondorio nagusiarekin, alfabetatzeak balio duela baina ez dela lehentasuntzat jotzen, alegia, ados dago Urtxegi. «Hori izan zen eztabaida taldean atera genuen ondorio nagusietako bat –dio–. Bertze ondorioetako bat zen ez zaigula begietatik sar­tzen alfabeta­tzearen premia hori, kartelen bidez ez da ailegatzen eta ber­tze zerbait zuzenagoa egin beharko litzateke, baina ez dakit zuzen zer».

Bera langile publikoa izanik, Urtxe­gik badaki egokia litzatekeela alfabetatzea eta alde horretatik, «lankide batzuk ari dira Lesakako euskaltegian, albinteentzako eta udal langileendako alfabetatze ikastaroetan, nik ez dut parte hartu, momentuan ez dudalako denborarik. Zaila izaten da ho­rretarako astia hartzea. Baina ongi etortzen da beti».

Kontzientziazio lanaren garrantziaz ere aritu ziren, «jendeak garbi edukitzea zertarako alfabetatu behar den eta helburua zein den garbi agertzea: denok euskaraz solasteko eta bizi­tzeko gai izatea». Seme-alabekin jolasteak eta etxeko lanetan laguntzeak ere bultzatzen du alfabetatzerako orduan. «Orain dena euskaraz ikasten dute eta, etxeko lanetan lagundu nahi baduzu, komeni da euskara ida­tzia ongi menperatzea». Hala ere, An­gel Ur­txegik onartzen du ez duela euskaraz irakurtzeko eta idazteko ohitura handiegirik: «Hau­rrentzako ipuinak irakurtzen ditut, baita Ttipi-Ttapa edo Berria ere, baina libururik ez, ez euskaraz ezta gazteleraz ere. Irakur­tzeko orduan beti gehiago tiratzen dut erdarara, errazagoa egiten zait. Saiatu egiten naiz, baina eskolan erdaraz ikasi genuenez…».

Euskaltegiak egiten duen lana baloratzen ez da ausartzen igantziarra, «ez dudalako sobera ezagutzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun