Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hamahiru jatetxek parte hartuko dute aurten hemeretzigarren aldiz eginen diren ehizari buruzko jardunaldi gastronomikoetan. Bertizko Partzuergo Turistikoak antolatzen dituen jardueren artean, ohikoa bihurtu den ekimena da eta ortziral honetan, urriak 28, emanen zaie hasiera, asteazken eguerdian Lesakako Koxkonta jatetxean egindako aurkezpenean aipatu zenez.
Ortziraletik aitzinera, azaroaren 27ra arte, 28 eta 36 euro artean dabiltzan menu bereziak eskainiko dituzte eskualdeko hamahiru jatetxek. Prezio horiei edariak, kafea eta BEZ gehitu behar zaizkie. Ehiza plater hauetan uso klasikoaz gain, birgarroak, faisaia, basahate, galeperrak, eperrak, orkatza, basurde eta oreina aurkitzen ahal dugu, gure gastronomiako osagai ospetsuez lagundurik: onddoak, lekak, piperrak…eta abar eta bukatzeko eskualdeko esneki tipikoak eta beste postre zoragarriak ere.
Nafar ardoak plater hauen osagarri onak dira. Aurten berriro Inurrieta bodega nafarrek laguntzen ditu jardunaldi hauek antolatzeko. Parte hartzen duten jatetxe batzuek, gainera, ardo eskaintza berezia eta somelier dituzte.
Hamahiru jatetxe
Hauek izanen dira ehizari lotutako menuak eskainiko dituzten jatetxeak: Almandozko Beola, Arantzako Burlada eta Aterpe, Berako Zalain, Donamariako Benta, Doneztebeko Ameztia, Elbeteko posada. Etxalarko Herriko Ostatua eta Bentak Hotela, Igantziko La Villa, Iruritako Olari, Lesakako Koxkonta eta Oizko Posada. Joan den urtean bezala, hamahiru jatetxe dira, horietatik bi berriak, Etxalarko Herriko Ostatua eta Bentak Hotela. Beraz, 13 jatetxe denera, 7 Bortzirietakoak, 3 Malerrekakoak eta 3 Baztangoak.
Aipatu, bertzalde, jardunaldi gastronomiko hauen hemeretzigarren edizioaren kartela iragartzeko irudia Diana Iniestarena dela, Erratzun bizi den artista kataluniarrarena, eta bodegoi bat irudikatu duela, On egin izenburupean. Bere koadroa Lesakako Koxkontan egonen da ikusgai jardunaldi hauek irauten duten bitartean.
Inkestak
Ekimen honek, Bertizko Partzuergoak antolatzen duen zaharrenak, jarraitzaile kopuru azpimagarria du. Urtero informazio eskatzen dute eta korreoz bidaltze zaizkie menuak gero Baztan-Bidasoako eskualdera etortzeko eta bide batez, udazkeneko kolore liluragarriez gozatzeko. Zenbait urte pasa ondoren, aurten berriro inkestak eginen ditu Partzuergoak. 2005an 2.000 inkesta jaso ziren eta berriro informazio jasotzea egokia dela ikusi da.
Menu osoak, prezioak eta jatetxeekin harremanetan jartzeko telefonoak Bertiz Partzuergoaren web orrian kontsulta daitezke: www.consorciobertiz.org.