Aurtengoarekin, bigarren urtez, Sunbillan ospatuko da Malerreka eta Bertizaranako sei eskola ttikien besta. Ortziral honetan, urriak 28, izanen da eta Beintza-Labaien, Ituren, Legasa, Narbarte, Saldias eta Sunbillako eskolek parte hartuko dute. Iaz Eratsungo eskolako lagunak ere besta honetan izan ziren, baina ikasturte honetan Nafarroako Gobernuak eskola ixtea erabakia du.
09:00etarako elkartuko dira sei herrietako eskoletako umeak Sunbillako frontoian. Eguna atal diferentetan banatua egonen da eta frontoian eskulan-tailerrak izanen dira eta Kulkiren eskutik, herri jolasak, jokoak eta herri kirolak ere izanen dira. Hiru taldetan banatuta ariko dira. Udaletxean, berriz, filmak ikusteko aukera izanen da.
Topaketa honen iraupena eskola egun bat bezalakoa izanen da. Frontoian gosaria, bazkaria eta akitzeko txokolatada izanen dute.