Urte bateko haurrak dituzten familientzako gida argitaratu dute Euskara Zerbitzuek

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 18a

Jolastuko gara? Izenburupean

Nafarroako hainbat herritako euskara zerbitzuek, tartean Baztango Udalekoak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatekoak, Iparraldeko Euskara Mankomunitatekoak eta Malerrekako Mankomunitateak Jolastuko gara? izeneko argitalpena prestatu dute, urtebeteko haurrak dituzten familiei banatzeko. Horren helburu nagusia da etxeetan euskararen erabilera bultzatzea, batez ere guraso eta seme-alaben artean.

Nafarroako hainbat herritako euskara zerbitzuek, tartean Baztango Udalekoak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatekoak, Iparraldeko Euskara Mankomunitatekoak eta Malerrekako Mankomunitateak Jolastuko gara? izeneko argitalpena prestatu dute, urtebeteko haurrak dituzten familiei banatzeko. Horren helburu nagusia da etxeetan euskararen erabilera bultzatzea, batez ere guraso eta seme-alaben artean.

Liburuxkaren gai nagusia jolasa da. Jolasa, haurrari garatzen laguntzeko baliabide ezin hobea izateaz gainera, etxean euskarari sarbidea emateko bitarteko egokienetakoa da.

 

Gurasoentzako gomendioak

Liburuxkak jolasak haurraren garapenean duen garrantzia azaltzen du, baita gurasoek umearen jolasean parte hartzearen garrantzia ere. Bestalde, jolasak hizkuntzarekin duen lotura azaltzen du, izan ere, umearentzat hizkuntza jolasa baita. Urtebete inguru duten umeak lehen hitzak esaten hasten dira, esaldiak osatzen... eta hortik aurrera etengabe aritzen dira hizkuntzarekin jolasean. Umeak euskaraz hiztun onak izatea nahi badugu, garrantzitsua da hasieratik zaintzea jolasean ari diren bitartean ere euskaraz ari daitezen. Bereziki zaindu behar da irakurriko dituzten ipuinetan, entzunen duten musikan, telebistan ikusiko dituzten marrazkietan... euskarak ahalik eta presentzia gehien izatea. Gaur egun merkatuan euskarazko material ugari aurkitzen ahal da.

Euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoen kasuan, jolasa baliabide ezin hobea da euskarari sarbidea emateko. Esate baterako, erabiliko dituzten baliabideak (musika, ipuinak, marrazki bizidunak...) euskaraz izatea oso garrantzitsua da, eskolatu orduko umearentzat euskara hurbileko hizkuntza izan dadin. Musika ere baliabide oso egokia da, gurasoek euskara ez menperatuta ere, beti aukera dutelako kanta batzuk ikasi eta umearekin batera kantatzeko. Lehen irakurketak euskaraz egin ditzakete, eta horretarako aproposak dira irudi bidezko hiztegiak.

Bi gurasoek euskaraz jakinez gero, gomendiorik garrantzitsuena da euskara erabiltzea, batez ere haurren aurrean ari badira. Bestalde, euskaraz dakitenek aukera paregabea dute umeekin batera hizkuntzarekin jolasean aritzeko. Euskaraz sehaska kanta, jolas kanta, igarkizun, aho korapilo eta antzeko asko ditugu. Horrelakoak biltzen dituzten materialak ere ugari dira, eta merkatuan erraz aurkitzen ahal dira.

Bi gurasoetako batek bakarrik baldin badaki euskaraz, oso garrantzitsua da dakienak euskaraz egitea umearekin. Etxean hizkuntza ohiturak ongi finkatzen badira, umeak ez du inolako arazorik izanen bi hizkuntzetan aritzeko. Modu berean, garrantzitsua da euskaraz ez dakien gurasoak hizkuntza horrekin jarrera positiboa izatea.

 

Materiala opari

Jolastuko gara? materiala jasoko duten gurasoek aukera dute Punpalaplan deituriko bilduma doan jasotzeko. Bilduma hori Urtxintxa Eskolak argitaratua da, eta bertan 5 urte bitarteko haurrekin aritzeko aproposak diren 30 kantu eta jolas biltzen dira, CD eta DVD banatan. Materiala lortzeko gurasoek beren herriko Euskara Zerbitzura deitu behar dute.

 

Egitasmo zabalagoa

Jolastuko gara? argitalpena egitasmo zabalago baten zati bat da. Izan ere, euskara zerbitzuen helburua da familien barruan euskararen erabilera bultzatzea, eta hori lantzen hasten dira umea jaiotzen den momentutik.

Haur jaioberriak dituzten familiei Duzun Onena izeneko materiala bidaltzen diete, gurasoentzako gomendioak liburuxka batean bilduz. Geroago, umeak 3 urte dituenean Bakoitzari Berea izeneko materiala banatzen diete; kasu horretan, umeak eskolatzen direnerako hizkuntzekin lotutako gomendioak ematen dizkiete.

Horrez gain, familiei etxean euskaraz aritzeko lagungarri izanen zaizkien materialak ematen dizkiete. Jaioberriak dituzten familien kasuan, Egizu lo sehaska kanten bilduma ematen diete, eta eskolatu berri diren haurren familiei Txikia izanik CDa. Euskara Zerbitzuek gurasoentzako ikastaroak ere antolatzen dituzte. Ikastaro horietan euskarazko kanta eta jolas tradizionalak nahiz gaur egungoak ikasteko aukera dute, betiere etxean erabiltzeko helburuarekin. Ikastaro laburrak izaten dira 4 eta 8 ordu bitartekoak. Halaber, hainbat Euskara Zerbitzuk hitzaldiak antolatzen dituzte, etxean euskarari toki gehiago nola egiten ahal dioten gomendio praktikoak emateko helburuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun