Dolua berriz ere Hazparnen eta euskal musikaren munduan. Patxi Arotzarena musikaria bihotzekoak jota bat batean hil zen 43 urtetan urriaren 3an bere lantokian, Hazparneko San Josep ikastegian. 2008az geroz Hazparneko auzapezordea zen eta kulturaz eta euskaraz arduratzen zen bereziki.
Herritik kanpo ere biziki ezaguna zen Txakun folk-rock taldeko sortzaileetarik izan baitzen 90ko hamarkada hastapenean. Lagunen laguna eta artista aitzindaria biziki ezaguna zen Senperen ere, behin baino gehiagotan jo baitzuen gure bestetan eta bai Herri Urratsen ere. Urte batez, ikastolen aldeko bestaren musika ere apailatu zuen bere lagunekin. Garai horietan gaitzeko arrakasta izan zuen Txakun taldeak Ipar Euskal Herri osoan Zapatak ari ziren dantzan eta Txi-txi bai Buana bezalako kantu umoretsuekin. Senperen berean, segitzaile ainitz izan du Txakun taldeak. Eta ez segitzaileak bakarrik parte hartzaileak ere bai: Christophe Amorena eskusoinularia Txakun taldeko kide izan baitzen 1995tik 97rat. Amorenak biziki ontsa ezagutu zuen Patxi zena bi urtez kontzertu andana eskaini baitzuten herriz herri elgarrekin.
Amorenak TTIPI-TTAPAri erran dioenez, gogoan ditu garai horiek 15 urte baitzituen orduan eta talde biziki famatua baitzen Txakun. Orain, Ekintza taldeko eskusoinularia da baina lotura hertsia du Txakuneko lagunekin. 2007an, taulen gainerat hupatu ziren berriz elgarrekin Hazparneko ikastolaren aldeko besta batean. Bi urte geroago berriz elkartu ziren Haitiren aldeko kontzertu batean. Christophe Amorenaren ustez, «gauzak arrunt aldatu dira orain Patxiren heriotzarekin Txakun bera hil baita betiko». Ezinezkoa ikusten du berriz jotzea. Amorenak dio ez duela sekulan ikusi Arotzarenaren ehorzketetan bezainbat jende. Azken agur horretan, lagun musikariek ez zuten indarrik izan musikarik jotzeko baina Agur Jaunak kantatu zioten ehunka lagunen laguntzarekin. Ondotik, denek gogoratu zuten Patxi gizon idekia, kultura guztien aldekoa, eta bere herriari eta ikastegiari biziki atxikia zela. Doluminak familia eta laguneri, ez adiorik…