Lana da Baztan, Bertizarana eta Malerrekako gazteen kezka nagusia

TTIPI TTAPA 2011ko urr. 13a, 16:33

261 gazterekin hitz egin da martxotik ekainera

«Gure inguruko gaz­teon artean gailentzen ari den pasibotasunak» bultzatuta, gazteek gaur egun dituzten «arazo errea­lak» zein diren jakiteko azterketa edo diag­nostikoa egin da Baztan, Bertizarana eta Malerrekan. Hiru eskualdeetako 30 bat lagun elkartu eta guz­tira 261 gazteri euren kezka nagusia zein den galdetu diete. Aurtengo martxo eta ekaina bitartean egin da galdeketa eta orain bildutakoaren berri eman dute: lana da gehienen kezka iturri nagusia.

 

Malerreka eta Bertizarana

Malerreka eta Bertizaranan 109 gazteri galdetu zaie zein den euren kezka iturri nagusia. Eran­tzun bat baino ge­hia­go eman ditu bakoi­tzak, baina gehien errepikatu dena lana izan da: galdetuen %58ri edo bertzela erran­da, 109 gazteetatik 63­ri, lanak sortzen die kez­karik nagusiena. Honen ingu­ruan, «lan gu­tti dagoela»­ diote gehienek (24k erantzun dute hori), «eskualdean ez dagoela lanik» ere erran­ dute (12 eran­­tzun), «gaz­tea iza­tea­­gatik diskriminatuak sentitzen direla» ere adierazi dute (10 erantzun), eta «lan mundurako le­hen­­ urra­tsa oso zaila dela»­ ere bai (7 eran­tzun). Horiek dira aipatuenak.

Errepresioak ere kez­katzen ditu gazteak, galdetuen %41ek hala adierazi dute. Honen barne, «kontrol soziala» (22 erantzun), «polizia kopuruaren gorakada» (15 erantzun), «errepideetako kontrolak» (9 eran­tzun), «polizia presen­tzia he­rrian egunero» (8 eran­tzun), «ez dute zerbi­tzu­rik ematen» (8 erantzun) eta «beldurra erabiltzen dutela» (6 erantzun) eran­tzun­ dute gehienek.

Aisialdiak ere ezinegona sortzen die, galdetuen %31ri be­hintzat bai, eta honetan batez ere «gaz­teek elkartzeko gunerik ez dutela» azpima­rratu dute gehienek (20 erantzun). «Herrian juergarik ez dagoela» pen­tsatzen duenik ere bada (7 erantzun).

Indibidualismoak ere kezkatzen ditu elkarrizketatuen %29. Honetan zera diote gazte gehienek: «ez dugu talde izaerarik»­, «gauzak antolatzeko gogorik ez», «etxean gero eta denbora gehiago», «pasibotasuna eta hez­kuntzatik dator arazoa».

Euskara ere kezka iturri nagusienen artean dago, galdetuen %26k hala iritzi diote. Etxebizitza ere aipatu dute elkarrizketatuen %25ek.

Beraz, kezka aipaga­rrienak hauek dira Male­rreka eta Bertiza­ranan: lana, errepresioa, aisialdia, indibidualismoa, euskara eta etxebizitza.

 

Baztan

Baztango ia herri gehienetan 152 gazte elka­rrizketatu dira eta hemen ere lana da ezinegon nagusiena sortzen duena. Eran­tzun bat baino gehiago eman ditu gazte bakoi­tzak eta kez­ka nagusiak lana (%49), drogak (%33), erre­presioa (%30), politika (%30), etxebizitza (%22), hez­kun­tza (%21), eskuara (%20), indibi­dua­lismoa (%18) eta proiektu txiki­tzaileak (%14) direla ikusi da.

Lanaren inguruko kezka nagusiena «bertan lanik ez egotea» da gehienentzat –39 eran­tzun–. «Baldintza kaxkarrak» ere aipatu dituzte (16 erantzun), eta «ikasi edo gustuko duenarekin zerikusirik duen lanik ez» dagoela ere aipatu dute (8 erantzun). «Nekazari­tza indar­tzea beharrez­koa» dela erran dute ba­tzuek (6 erantzun) eta «Iruñeko zentralizazioak» kezka­tzen dituenik ere bada (5 erantzun).

Drogak ere kezka­tzen­ ditu gaz­teak, eta batez ere, «gaz­teen kon­tsu­mo arduragabea» (18 eran­tzun), «on­­­dorioe­kiko kon­tzien­tziazio eza» (18 eran­tzun) eta «gero eta kon­tsumi­tzai­le gaz­teagoa eta zabalagoa izateak» (16 eran­tzun) eragiten die ezi­negona. «Kon­tsu­moa­­­rekiko heziketa eta informazio beharra» (8 eran­tzun) eta «gaia tabua dela» (7 eran­tzun) pentsa­tzen duenik ere bada Baztanen.

Errepresioa da Baz­tango hirugarren kezka iturri nagusia. Honen in­guruan, «presentzia poli­zial itogarriak» kezka­tzen ditu batez ere (21 eran­tzun), baita «errepideko edo politikoak diren kontrol gehiegi» (19 eran­tzun) izateak ere. «Izua sartuz gazteria geldiarazi nahi dutela» ere erran dute 9 lagunek eta «erre­presio politikoaren biktima» direla ere badiote bertze horrenbertzek.

Politika kontuetan «udal kudeaketa kaxka­rra» eta «demokrazia eza» dira gazteei batez ere kezka sortzen dietenak, bakoitzean 24­na­ eran­tzun jaso dira. «Ba­tza­rreak indartu» behar direla eta «Baztango sosa Elizondon zentraliza­tzen dela» ere aipatu du­te. 7 eta 5 erantzun izan­­ dira, hurrenez hu­rren.­

Eta orain, gazteak zerk kezkatzen dituen bilduta eta «arazo asko gaz­­­te izateagatik soilik direla ikusita», arazoei gaz­te guztien artean au­rre­ egitea izanen da erronka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun