Bidasoaldeko bide berdea egokitzeko obrak aste honetan hasi dira

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 13a

Lanak bukatzean, Legasatik Hondarribiraino bide berdetik bizikletaz joateko aukera izanen da. Artxiboko argazkia

800.000 euroko aurrekontua izanen dute lan hauek

800.000 euroko au­rrekontuarekin, aste honetan hasi dira Bidasoko bide berdea egoki­tzeko lanekin. Gastuaren %65 (520.000 euro) Europar Batasuneko FEDER funtsak finantzatuko du eta gainerakoa (280.000 euro) Nafarroako Gobernuak.

Partidei dagokienez, garrantzitsuena N-121-A errepidearen azpitik pasako den lurpeko pasabidea egitea izanen da; 500.000 euroko kostua baitu. Pasabide hori Alkaiaga inguruan eginen da. Tunelaren zola, hango argiak eta bideko seinaleak ere egokituko dira. Argia egoki­tzeko lanak, zehazki, aste honetan hastekoak dira. Aurreikusitakoaren arabera, obrak­ zortzi hilabetetan bu­katuko dira. Bide berde hori Legasatik Endarlatsaraino doa (35 kilometro) Nafarroan. Hala ere, lanak bukatzen direnean, Legasatik Hondarribiraino (Gipuzkoa) joan ahal izanen da bizikletaz.

 

Euroveloren barne

Ibilbide hori Eurovelo 1 proiektuaren zati da, Europa alde batetik bertzera zeharkatuko duten bizikleten hamabi ibilbideetatik lehenbizikoa, hain zuzen. Bertizko Produktu Turistikoak Garatzeko Plan Estrategikoaren produktu nagusia da.

Hori izan zuten hizpide, irailaren 30ean Juan Luis Sanchez de Muniain Kultura, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak Baztanera egindako bisitan. Eskualdeko agintariekin eta turismoaren sektoreko eragileekin bildu zen egun horretan.

Bilera horietatik lehena Bertizko Turismo Partzuergoko arduradunekin egin zuen, eta aipatutako proiek­tua az­tertu zuten. Kon­tseila­ria­rekin eta Carlos Erce Turismo eta Merka­ta­ri­tzako zuzendari nagusiarekin batera, Bertizko Turismo Partzuergoko hainbat kidek hartu zuten parte, tartean, Izakun Goñi kudea­tzai­leak, Antonio Erregerena presidenteordeak, Arantza Zubieta idazkariak eta Mari Jose Iparra­girre adminis­trazio kon­tseiluko ordezkariak.

 

Eskualdeko inguru turistikoetara bisita

Egun berean, kon­tseilaria Iruritako Jauregia Dorretxera ere joan zen, baita Jorge Oteiza Museo Etnografikoa eta bertan dagoen Jabier Zigaren bilduma ikuste­ra ere, eta hemen Baz­tango udal ordezkariek egin zieten harrera. Ondotik, kontseilariak Ariz­kungo Señorio de Ursua hotela bisitatu zuen­.

 

Bilerak alkateekin

Santiago Villares Urdazubiko alkatearekin ere egin zuen bilera kontseilariak. Alkateak bisitariak gidatu zituen Salbatore monasterioa, herriko errota zaha­rra eta Ikaburuko lezea ikusteko ibilbidean.

Jesus Agerre Zuga­rramurdiko alkatearekin ere elkartu ziren, herriko leku turistikoak diren Sorginen Museoa eta lezea ikusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun