Malerrekako Euskara Batzordeak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Doneztebeko San Migel Lehen Hezkuntzako ikastetxeak Euskaraz bizi nahi dut izeneko bertso paper eta ipuin lehiaketa antolatu dute Malerrekako ikastetxeetako ikasle eta irakasleendako. Beintza-Labaien, Doneztebe, Ituren, Legasa, Narbarte, Saldias eta Sunbillako ikastetxeek parte har dezakete eta aurkezten diren lanek Euskaraz bizi nahi dut leloarekin lotua egon beharko dute.
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoendako ipuin lehiaketa izanen da. Parte hartzaileei ipuinaren hasiera emanen zaie eta guttienez orrialde bat izan beharko du. 5. eta 6. mailakoendako, berriz, bertso paper lehiaketa eginen da. Guttienez lau kopla edo bi bertso izan beharko ditu. Irakasleek, euren aldetik, bertso paper nahiz ipuin lehiaketan parte hartu ahal izanen dute.
Lanak euskaraz izatea ezinbertzekoa izanen da eta jatorrizkoak izan beharko dute. Horrez gain, egile berberak sail bakoitzean lan bakarra aurkezten ahalko du.
Lanak aurkezteko epea zabalik dago eta azaroaren 11n akituko da. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 30ean izanen da Doneztebeko eskolan, 17:00etatik aitzinera. Horrez gain, egun horretan partehartzaile guztiei berendua ere eskainiko zaie.