Hirugarren aldiz Done Jakue Bidea osatu du Goiz Mendi taldeak

Fernando ETXEBERRIA 2011ko urriaren 13a

Goiz Mendi taldeko kideak Santiagoko katedralaren aitzinean. Fernando Etxeberria

Urtero iraileko hilabetean etapak egiten aritu dira

Baztan, Bortziriak, Malerreka, Urdazubi, Zugarramurdi eta Nafarroako eta Gipuzkoako bertze tokietako kideak biltzen dituen erre­tiratuen taldea da Goiz Mendi, eta duela gutti, hirugarren aldiz bukatu du Done Jakue Bidea, eta bertzeetan ez bezala, kostaldetik.

Goiz Mendi taldeko kideak 1999an hasi ziren lehendabiziko harat-honatak egiten Arku­peak Jubilatuen Elkartearekin eta Done Jakue Bidearen Baztango zatia eta Sakanatik Arabako mugara bitarteko bidea ere egin zuten. Ondotik, hamalau lagunek Donibane Garazitik (Nafarroa Beherea) abiatuta ere egin zuten Done Jakue Bidea.

Esperientziarekin pozik, berriz egitea erabaki zuten eta 2006an Ipa­rraldeko bidea aukeratu zuten.

Joan den irai­laren 19an Galiziako mugatik ohiko bidearekin bat egiten duen Arzua bitarteko azken sei etapak egin zituzten. Eta helmugara ailegatuta, irailaren 24­an Santiagoko katedrala bisitatzeko aukera izan zuten, baita Galiziako jakiak dasta­tzeko modua ere, tartean olagarroa. Oinez ibil­tzeaz gain, turismo pixka bat egiteko apro­b­e­txatu zuten hango ego­naldia­.

Laburbilduz, ibilbidearen edertasuna nabarmendu dute Goiz Mendikoek, baina gorabehe­ra askokoa dela ere esan dute, ohiko ibilbidea baino­ gogorragoa dela­ko. Eta Santander eta Asturias aldean sobera ongi seinalizatua ez dagoela ere adierazi dute, eta aterpe gutti dagoela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun