Aurreikusi baino irakasle guttiagorekin hasi dute ikasturtea eskualdeko institutuek

Gurutze PIKABEA 2011ko urriaren 13a

Hainbat mobilizazio egiten ari dira irakasleak murrizketen kontra. Argazkian Elizondoko institutuko irakasleak ageri dira. Utzitako argazkia

Nafarroako Gobernuak egin dituen murrizketen kontra hainbat mobilizazio egiten ari dira

Bereziki Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan somatu dute Nafa­rroa­ko Gobernuak egin dituen murriz­keten eragina. Ondorioetako bat 230 irakasle guttiago kontratatu direla izan da. Leitza, Bera, Doneztebe eta Lekaroz-Elizondoko institutuetan ere kexu dira.

 

Ikasturte hasiera polemikoa izaten ari da. Krisia tarteko, Nafa­rroako Gobernuak aixtu­rrak­ sartu ditu eta aurten, iaz baino %1,5 gu­ttiago inberti­tuko duela erran du. Sindikatuak, ordea, ber­­tze­lakoa diote: «2010­eko au­rre­kon­tua 670 milioi eurokoa izan da eta 2011n 635 milioikoa izanen da. Beraz, aurtengoa %5,22 ttikiagoa da. Murrizketa guztiak batuz, hezkuntza­ publikoan 2011ko inber­tsioa 2008koa baino ttikiagoa izanen da; eta urte hartan ikasleen kopu­rua orain baino %12 ttikiagoa zen. 2011n ikasle­ bakoi­tzeko inbertsio bera mantentzeko 716,8 milioi euro beharko lirateke»­. Sindikatuen iritziz, «bene­tako murrizketa %12,8­­­koa izan da».­ Murrizketek bigarren hezkuntzan eragin du bereziki, eta eskualdeko ins­titutuetan badute horren berri. Joan­ den ikasturtea bukatu bai­no lehen, ikasturte honetako irakas­leen ze­rren­da prest utzi zuten, baina ekai­nean murrizketak izanen zirela jakinarazi zieten.­

 

Leitzako Amazabal institutua

Leitzako ins­titutuan, aurreikusi baino irakasle bat gu­ttiago dute ikastur­te honetan. 33 irakasle dira gaur egun, eta Pello­ Zestau zuzendariak azaldu digunez, «estuago ariko gara lanean». Lagun­tza behar duten ikasleekin egoteko edo zaintza orduetan nabaritu dute murrizketa hori batez ere.

Zestauk kritikatu egin du Gobernuaren jarrera: «publikoaren kontrako neu­rriak dira murrizketa hauek. Oinarrizkoak diren hez­kuntza eta osasun publikoetan ari dira murriz­ketak egiten eta pribatuan ez dute deus ere ukitu». Egoerarekin konforme ez, eta hilabete honetarako deituak diren mobili­zazioetan Leitzako institutuak bat eginen duelakoan dago Zestau.

 

Doneztebeko Mendaur Institutua

Mu­rrizketen ondotik, irakasle bat guttiago dute Donezteben, hau da, hasieran aurreikusitako 28ren ordez, 27 dira. Ho­rrez gain, irakasle bat «berandu» hasi zela ere aipa­tu digute zuzendaritzatik. «Lanordu osagarri gu­ttiago ditugu eta horrek zaintzak eta ho­rrelakoak egiteko denbora guttiago dugula erran nahi du», diote zuzendaritzakoek. Ho­rrez­ gain, zera gaineratu digute: «Gobernuak kanpora begira hain­bat plan dituela esaten du, eta oso politak dira, baina guk ez dugu horiek au­rrera atera­tze­ko bitarteko eta den­bo­ra­rik. Halere, hau ez da orain­go kontua, lehendik dator».

 

Bortzirietako Toki Ona Institutua

Berako institutuan 62 irakaslek hasi dute ikasturtea. Enkarni Peña zuzendariak kontatu digunez, «kopuru aldetik au­rrei­kusitakoa onartu digu­te, baina batzuek lanaldi murriztua dute eta ikasle­ gehiago dira. Zain­tzak eta gure metodologia berri­tzeko antolatzen ditugun lantaldeak egiteko zailtasunak izan ditu­gu».

Hu­tsune horiei eran­tzu­te­ko, permutaren sistema paratu dute abian: «irakasleak, ordu edo egun zehatz batean, ezinen duela klaserik eman au­rreikusten badu, ber­tze­ irakasle batekin klase-­ordu hori trukatzen saia­tuko da ikasleak atendituak egon daitezen».

Murrizketen eragina somatu dute, baina hale­re, «zortea» izan dutela us­te du Peñak. Izan ere, DBH­ko 4. mailan ikasle au­nitz dituztelako, bertze­ talde bat izateko eskubidea onartu die Gobernuak, legeak ere ho­rre­la aitortzen baitu. Baina hori klaseak hasi ziren egune­ra arte, ez zieten baiezta­tu. «Lortu dugu eta ho­rrek­ arnasa eman digu».­

 

Lekaroz-Elizondo Institutua

Kopuru aldetik, 1,6 irakasle guttia­go dituztela azaldu digu Agustin Olabe Lekaroz-Elizondo ins­ti­tutuko zuzendariak. Neu­rri berriekin, kontratuak orduka egiten hasi dira eta euren kasuan 28 orduko murriz­keta izan dute, edo ber­tze­la erranda, 1,6 irakasle guttiago.

Eskola orduak 17 izatetik 18ra pasatuta, klasetik kanpoko lanetan nabaritu dute eragina: «batez ere, zain­tzak egiterakoan», dio Olabek. Ber­tzelako mu­rrizketa bat ere izan dute: «premia haundiko obra­ baterako ere murrizketak izan dira».

Bere irudiko, Gobernuak eraman duen proze­dura ez da egokia izan: «hasieran, A plantillarekin lan eginarazi ziguten hautes­kun­deak­­­ gainean zirela. Alberto Catalan hez­­­kun­tza kon­tsei­lari ohiak hauteskunde ai­tzi­ne­tik bazekien dena eta lan eginarazi zigun. Eta ekainean, murrizketen ondotik, dena be­rran­tolatze­ko erra­nez etorri ziren».

 

Mobilizazioak

Murrizketen kontra, hainbat mobilizazio egiten ari dira irakasleak: Nafarroako ikastetxeetan ortziralero kontzentrazioak egiten ari dira. Horrez gain, azken orduko aldaketarik ezean, urriaren 18an ordu bateko paroa eginen dute Haur eta Lehen Hez­kun­tzakoek eta hilaren 20an biga­rren hez­kuntzakoek; urriaren 22an manifestazioa izanen da Iruñean; urriaren 25ean bi orduko paroa eginen dute guztiek eta 27an greba eguna deitu dute.

 

Saran eta Senperen

Iparraldean ez da­bil­tza hobeki. Azken urteo­tan hezkuntza publi­koko milaka irakasle lanpostu kendu ditu Fran­tzia­­ko Gobernuak, eta hel­­du den urteari begira, gehiago egin nahi ditu. Murrizketen kontra, iraila­ren 27an greba eguna izan zen eta Sara eta Senperen deiarekin bat egin zuten: Sarako eskola­ publikoa eta Olhain ikastolak, adibidez, ateak itxi­ zituzten.

 

Lehen Hezkuntzan murrizketen eragina ttikiagoa izan da

Hezkun­tza publi­koan egin diren murriz­ke­tek ez dituzte bigarren hezkuntza bezala ukitu lehen eta haur hezkun­tzak. Ia gehie­nak espero zituz­ten­ irakaslee­kin ari dira lanean, ez gu­ttia­go­re­kin, ez gehiagorekin. Bai­na ho­ri bai, ord­ez­ka­penak berandu aile­ga­tu zaizkie. Izan ere, orain, hama­bortz egu­­netik goitiko bajak baino ez baitira bete­tzen. Funtzio­namendu eta formaziorako dirua mu­rriztu zaiela ere aipatu dute.

 

Baztan

Ordezkorik bidali ez, eta ikasturte hasie­rako hamar egunak sei irakasle­ falta zituztela pasatu zituzten Urdazubi-Zu­garramurdi eta Baztango herrietako esko­le­tan. Gaur egun, 58 irakasle dira hamaika esko­le­tan. Elizondoko San Francisco Jabier ikaste­txean, berriz, irakasle baten ez­kontza baimena tarteko, ordezkorik gabe pasatu zituzten hama­bortz egun. Eta horrekin bate­ra, irailaren 13an tutore­ batek baja hartu eta handik bi as­tera bidali zieten or­dez­koa.

 

Bertizarana-Malerreka

Irakasle baten baja betetzeko ordezkorik­ bidali ez dietelako, ahal den bezala moldatu­ behar izan dute Iturenen. Gisa­ berean, Zubietako bi ikasle­ Iturengo­ eskolatik kanpo gelditu dira. Hamalau ikasle­tik goiti­ biga­rren­ tu­to­rea behar dela dio legediak, eta Iturengo eskolan Haur Hez­kun­­­tzako hamasei ikas­lek egin zuten au­­rre­matriku­l­a­zioa, tartean zu­bie­tarrak. Hez­kun­tza­ Sailak ez duenez­ bi irakasle iza­tea onartu, Zubietako bi ikasle horiei Donez­tebera joatea­ dagokiela eran­tzun du. Bertzalde, Eratsungo eskola itxi egin dute eta oraindik deus erran­ ez badute ere, beldur dira heldu den ikasturtean Saldiasen­ ere gauza bera gertatuko ez ote den. Izan ere, aurten sei ikasle izan arren, hu­rrengo ikasturtean lau geldituko dira eta Eratsu­nen lau­re­kin itxi du­te. Eta Doneztebeko eskolan, bere aldetik, irakasle baten ezkon­tza baimena bete gabe gelditu da eta ordezkapen bat astebete beranduago egin zieten.

 

Bortziriak

Arantzan eta Beran ordezkapenekin atzera­penak izan dituzte. Arantzan, ikasturtea­ hasi eta hiru astez irakasle baten faltan egon ziren, ordezkorik gabe. Beran, irakasle batek­ abuztu erdialdera baja hartu eta tutorea izan arren, irailaren 12ra arte ez zuten or­dez­­­korik bidali. Lesakan­ eta Etxalarren, ordea, normaltasunez hasi zuten ikasturtea. Igan­tzin, tutore bat gehiago nahi zuten, baina Gobernuak ez die onartu. Hala, hiruga­rren zikloan bi talde izan ordez, baka­rra­ dute. Ordezkapenekin ere izan zuten arazoren bat, irai­la­­ren 9an bidali baitzuten irakasle bat eskolara, kurtsoa hasia zela.­

 

Leitzaldea

Areson arazorik gabe hasi dute ikasturtea, baina irakasleak forma­zio ikastaro bat egitekoak ziren eta zerga­tik ez badakite ere, ez dutela eginen jakinarazi diete. Goizuetan eta Leitzan bajak bete gabe pasatu dute ikasturte hasiera. Goizuetan hiru baja bete­ gabe egon ziren, eta ikasleak­ eskola­ra itzuli eta gero bidali zizkieten ordez­koak. Ber­tzelako aldaketak ere badi­tuz­te: ber­tsolaritza kendu egin diete, eta, aldiz, inge­leseko lektorea bidaliko diete. Leitzako eskolan, azkenik, lehenengo bi as­teak bi baja bete gabe joan­ zitzaizkien­.

 

ZAINTZAK

«Zain­tzak egi­teko denbora guttiago dugu»

Doneztebeko Mendaur institutuko zuzendaritza


PROZEDURA

Gobernuak eraman duen prozedura ez da egokia izan»

Agustin OLABE Lekaroz institutuko zuzendaria


PUBLIKOAREN KONTRA

«Publikoaren kontrako neurriak dira murrizketa hauek»

Pello ZESTAU Leitzako institutuko zuzendaria


ETORKIZUNA

«Etorkizuna eraikitzeko Hezkuntza Publikoan inbertitu behar da»

Enkarni PEÑA Berako institutuko zuzendaria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun