Nafarroako Kirol Jolasetan, buruz buruko pilota txapelketen finalak jokatu ziren urriaren 12an, asteazken goizean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jubenil mailan, Txarutako Arkaitz Untxalo iturendarra suertatu zen txapeldun eta kadete mailan, azpitxapeldun izan zen Aurrerako Sagastibeltza.
Lehenbiziko finala kadete mailakoa izan zen eta Oberenako Espinalek 18 eta 7 irabazi zion Aurrerako Sagastibeltzari. Oberenakoa 4-0 aitzinetik jarri zen, baina 4-3ra hurbildu zen leitzarra. Baina hortik 10era joan zen berriz ere Espinal. Sagastibeltzak zabalean egindako tantu batekin berreskuratu zuen sakea. 11-7ra ere hurbildu zen Aurrerakoa, baina hortxe gelditu zen, zazpigarren tantuan. Espinalek lau tantu egin zituen sakez eta Sagastibeltzak bakarra.
Gazte mailako finalean, berriz, Txarutako Arkaitz Untxalo iturendarrak 18 eta 9 irabazi zion San Migueleko Garaiori. Bana eta bina berdindu ondotik, zazpi tantu segidan egin zituen Untxalok, lau sakez eta bertze bat zabalean. Garaioak zabalean egindako dejada batekin eskuratu zuen sakea, baina segidan Untxalok berreskuratu zuen, nahiz eta sakez egindako bigarren faltarekin, berriz ere partidan sartu zen Garaio (10-6). Baina Untxalok gauzak ongi egin zituen, txokotik zabalera atera zuen Garaioren eskuin eskua bilatuz eta 6-0ko partziala lortu zuen eta partida erabakia utzi zuen (18-9).
Labriten, asteazken goizeko jaialdia akitzeko, 22 urtez beheitiko kategoriako buruz buruko txapelketako final laurdenetako partida jokatu zen. Errekako Beñat Oronoz lesakarrak 18 eta 5 irabazi zion Oberenako Larrayari. 0-4 galtzen hasi zen lesakarra, baina abudo buelta eman zion markagailuari, bere sake zitalari esker.