Ibarrako Unai Otañok bigarren urtez jantzi du bigarren mailako Euskadiko txapela, lehen aldiz 2006an jantzi baitzuen. Gainera, eta azken bederatzi urteotako denborarik onena egin du (18:27) urriaren 9an Asteasun jokatutako finalean. Hain justu ere, 2006an 20 minutu eta 43 segundo behar izan zituen sei enborrak ebakitzeko, eta, igandean, 2 minutu eta 16 segundoan hobetu zuen. Gainera, Ibarrakoak heldu den sasoian Maila Nagusian aritzeko txartela bereganatu zuen. Jon Rekondo leitzarra izan zen bigarren sailkatua. Txapeldunak baino minutu bat eta 23 segundo gehiago behar izan zituen eta leitzarra ere Maila Nagusian ariko da heldu den sasoian.
Aizkolariek seina enbor ebaki behar zituzten: bi kanaerdiko (54 ontzakoak), 60 ontzako enbor bi eta bi oinbiko (72 ontzako). Lehen enborra Rekondok ebaki zuen azkarren, baina bigarren enborra (lehen 60 ontzakoa) bi segundo azkarrago ebaki zuen Otaño txapeldunak, eta handik aurrera, areagotu egin du txapeldunak leitzarrarekiko aldea. Rekondo txapeldunordeak ere oso denbora ona egin zuen. Izan ere, leitzarrak azken zortzi urteetako txapeldunen denbora hobetu egin zuen.
Hirugarren posturako lehia aski borrokatua izan zen. Izan ere, lanerdietan (lehen oinbikoa ebakita) Ugaitz Mugertza mutrikuarrak 18 segundoko aldea kendu zion Ander Erasun aurtiztarrari, baina bigarren oinbikoa ebakitakoan, soilik segundo bateko aldea izan zuen, eta hortik aurrera lortu zuen Erasunek hirugarren postua bereganatzea. Arkaitz Olano leitzarra eta Aratz Mugertza 5. eta 6. postuetan finkatu dira hastapenetik.
2011ko sailkapena:
1. Unai Otaño (Ibarra, Gipuzkoa; 34 urte): 18:27
2. Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa Garaia; 26 urte): 19:50
3. Ander Erasun (Aurtiz, Ituren, Nafarroa Garaia; 21 urte): 22:39
4. Ugaitz Mugerza (Mutriku, Gipuzkoa; 24 urte) 23:21
5. Arkaitz Olano (Leitza, Nafarroa Garaia; 21 urte): 23:52
6. Aratz Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa; 23 urte): 25:11