Urriaren 8a egun berezia izanen da Beintza-Labaienen. Alde batetik, Ittur-Ondo elkarteak Urriruko Besta antolatu du aurten zortzigarren aldiz eta gainera, berrikuntza batzuk ere prestatu ditu. Beintzako ostatu-aterpetxeak bere 22. urteurrena ere ospatuko du eta horren harira, Beintzako ostalariek aterpetxean egin diren haunditze lanak ikustera joateko gonbidapena luzatu dute, baita goizean eginen diren ekitaldietan parte hartzeko ere.
Hain zuzen, 10:30etik 13:00etara talo dastaketa eginen da, ardoa edo sagardoarekin bustia. 11:00etan haur jolasak, musika, txalaparta eta sorpresa ere izanen dela iragarri dute Beintzako ostalariek.
Urriruko besta
Urriruko bestako egitarauari dagokionez, 18:00etatik aitzinera Zubietako Joaldunak karrikaz-karrika ibiliko dira eta 19:00etan herriko aizkolarien saioa izanen da. Ondotik, goizean goizetik Jaime Mindegiak prestatzen hasitako afariaren txanda izanen da. Kanalean 200 bat kilo pisatzen dituen aretzea prestatuko da, eta 21:00erako prest egon beharko du. Aurten ere karpa barruan izanen da afaria eta guztira 200 lagunendako izanen da. Afaltzeko orduan zozketa bat eginen da; Nafarroako produktuen zare eder bat.
Aurten, erakustaldi berezia izanen da afaltzeko tenorean. Izan ere, sabeldantza giroan afalduko dute, Zenotzeko Rebeka Ericek eta Iruñeko Adasha dantza taldeko kideak bere sabeldantza mugimenduekin alaituko baitute aretze jatea. Azkenik, Iruritako Frantxixko akordeoilariarekin dantzaldia izanen da goizaldera arte.
Bai egun horretan bai aurretik laguntzen ariko diren elkarteko kide eta herritarrei ere bere esker ona azaldu nahi izan die elkarteko batzordeak.