Jon Larrañaga gipuzkoarrak irabazi zuen Euskadiko Lokotx-Biltze Txapelketa lehendabizikoz, urriaren 2an Aizarnazabalen (Gipuzkoa). Txapelketa zazpi aldiz irabazia duen Fernando Etxegarai beratarra bigarren izan zen.
Zazpi kirolari aritu ziren lehian, hiru txandatan banatuta. Lehen txandan hiru lokotx-biltzailek jardun zuten: Alfonso Alvarez de Eulatek (Algorta, Bizkaia; 40 urte), Andoni Lasagak (Etxalar; 21 urte) eta Gorka Alegriak (Gasteiz, Araba). Alvarez de Eulatek egin du txandako denborarik onena. Espero zen Lasagak lan hobea egitea, baina bospasei alditan ez du asmatu lokotxa saskiratzen eta denbora dezente galdu du. Gorka Alegria lehen aldiz aritu da txapelketan.
Bigarren txandan, Alberto Ibañez (Gasteiz, Araba; 41 urte) eta Fernando Etxegarai (Bera; 39 urte) aritu dira lehian. Etxegarai txapela irabazteko hautagai sendoa zen, aurrez zazpi txapel baititu irabaziak. Kontua da, ordea, lokotx bate ez duela saskiratu, bera ez da ohartu eta ezta epailearen aginduak entzun ere. Ondorioz, epaileak atzeko muturreraino eraman dio saskiratu ez duen lokotxa eta biderik luzeena birritan egin behar izan du Berakoak, segundo asko galduz.
Hirugarren txandan bi gipuzkoarrak aritu dira lanean; hots, Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa; 29urte) eta Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa; 30 urte). Iaz bezala, Larrañaga Garmendiaren aurretik sailkatu da gaur, Gipuzkoako Txapelketan alderantziz izan bazen ere. Larrañaga txapela irabaztetik hurbil aritu da azkenaldian, baina gaur lortu du lehen aldiz.
2011ko sailkapena:
1. Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa; 29 urte): 06:22
2. Fernando Etxegarai (Bera; 39 urte): 06:34
3. Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa; 30 urte): 06:35
4. Alfonso Alvarez de Eulate (Algorta, Bizkaia; 40 urte): 06:48
5. Andoni Lasaga (Etxalar; 21 urte): 06:56
6. Alberto Ibañez (Gasteiz, Araba; 41 urte): 06:58
7. Gorka Alegria (Gasteiz, Araba): 07:09