Juan Jose Lopezek, Jon Rekondok, Donato Larretxeak, Antonio Senosiainek eta Ander Erasunek lortu zuten igandean Etxarrin Nafarroako Lehen Mailako finala jokatzeko txartela. Saralegik eta Kañamares II.ak, berriz, maila galdu zuten.
Hala ere, Floren Nazabal izan zen saioko protagonista. Etxarrikoa bi makulu lagun zituela heldu baitzen saioa ikustera, etxean izandako istripu batean hankan min handia hartu zuen, eta orain denbora batean geldirik egon beharko du. Ikusi beharko da Euskal Herriko Txapelketako finalerako osatzen den eta aritzeko moduan izango den ala ez, hori irabazteko ere faborito nagusien zerrendan baita.
Ezuste gutti izan zen Etxarrin, txapeldunaren faltan, faborito ziren gehienek lortu baitzuten finalerako txartela.
Emozioa
Kanporaketan emozioa izan zen nagusi. Lehen lau sailkatuak 45 segundoren barrenean sailkatu ziren. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu behar izan zituen. Gazteak eta beteranoak uztartuta aritu dira finalean; bi gazte sartu dira, Rekondo eta Erasun, eta hori etorkizunerako berri ona da, Aurtizkoak, gainera, 20 urte bertzerik ez ditu.
Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finala azaroaren 18an jokatuko da, arratsaldeko 17:30ean Doneztebeko udal pilotalekuan.