Urriza eta Lizasok irabazi dute Nafarroako erremonte txapelketa

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 3a

Urriza eta Lizaso, txapelak jantzi ondotik. Utzitako argazkia

Irailaren 30eko finalean 40-38 irabazi zieten Endika eta Migel Mari Urrutiari

Irailaren 30ean jokatu zen Agoizko Toki-Eder pilotalekuan Nafarroako frontoi laburreko erremonte txapelketaren finala. Urriza eta Iñaki Lizaso doneztebarrak 40 eta 38 irabazi zieten Saldiasko Endika eta Migel Mari Urrutia lehengusuei.

Irailaren 30ean jokatu zen Agoizko Toki-Eder pilotalekuan Nafarroako frontoi laburreko erremonte txapelketaren finala. Urriza eta Iñaki Lizaso doneztebarrak 40 eta 38 irabazi zieten Saldiasko Endika eta Migel Mari Urrutia lehengusuei.

Erritmo biziko eta tanto borrokatuetako finala izan zen eta lau erremontelariek leher eginak akitu zuten partida.

Hasieratik gorriak aitzinetik ibili ziren markagailuan (9-2), baina urdinez atera ziren saldiastarrak 10-8ra hurbildu ziren. Gero, lau bat tantuko aldearekin ibili ziren gero txapeldun izan zirenek (14-10, 18-14, 21-16). Dena den, saldiastarrek aitzinetik jartzea lortu zuten lehen aldiz (22-23). Dena den, gorriek ere berriz markagailuan aldea hartu zuten (26-25, 28-25, 29-26). Baina Urrutiatarrek ez zuten azken hitza errana, 30na eta 31na berdindu ondotik, 31-33 eta 33-35 aurretik jarri ziren.

Azken tantuetara nekatuago ailegatu zen jokoan aunitz sartu zen Migel Mari Urrutia eta beharbada horregatik joan zitzaien partida saldiastarrei. Honela, 35na eta 36na berdindu ondotik, hiru tantu segidan egin zituzten gorriek (39-36). Bazirudien partida hor akitu zela, baina hor atera zen Urrutia I.aren kasta, 39-38ra hurbiltzeko. Halere, azken tantua gorri izan zen, Urrutia I.ak ezin izan baitzuen ezker paretera itsatsi zen pilota bat bueltatu (40-38).

Jaialdiko lehen partida, Urrutia II eta Olazarrek 30 eta 20 irabazi zieten Zulaika eta Zubizarretari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun