Iragarri bezala, urriko bigarren larunbatean, urriak 8, ospatuko da aurten Euskararen Eguna. Bezperan ere izanen dira ekitaldiak, bi egunetarako egitarau ederra prestatu baitute gazteek.
Urriaren 7an, ostiral arratsaldeko 19:00etan pintxo lehiaketa izanen da. Parte hartzaileek Errandonea ostatura eraman beharko dituzte euren pintxoak. 20:30ean Patziku Perurena idazleak eta Andres Iñigo euskaltzainak Bi kantu, hainbat histori hitzaldia eskainiko dute Estalpean, Iturengo Arotza eta Berdabioren bertsoak kantuetan oinarrituta. 22:00etan mus txapelketa jokatuko da Errandonea ostatuan.
Egun osoko festa larunbatean
Urriaren 8an, larunbat goizeko 10:30ean kalejira eginen da herriko txistulariekin. 11:00etan joaldunak ibiliko dira. 12:30ean aizkora apustua jokatuko dute Mikel Indakotxea Palaxio eta Joxeantonio Loiarte herritarrek alde batetik eta bestetik, Leonardo Goñi eta Raul Kastrok. Goiz osoan herriko artisauen erakusketa izanen da plazan.
Horrez gain, gazta eta magra bat ere egonen dira, bi horien pisua zein den hurbilduz apustu egiteko aukera eskainiz. Pisura gehien hurbiltzen denak irabaziko du. 14:30ean bertso bazkaria izanen da Julio Soto eta Julen Zelaietarekin. Haurrendako menu berezia ere izanen da. Bazkal ondotik poteoa eginen da trikitilari eta bertsolariekin. 16:30ean errotara bisita eta haurrendako talo tailerra izanen dira. 19:00etan herriko dantzarien saioa. 20:30etik 22:00etara Saguxar taldearekin dantzaldia izanen da. Atsedenaldian magra eta gazta txapelketako irabazleak jakinaraziko dira. 23:00etan rock eta ska kontzertuak izanen dira Matxinbrada eta Escandalo Publico taldeekin eta gauerditik aurrera Saguxar taldearekin dantzaldia.