Eskualdeko irakaskuntza publikoko zentroetan, Nafarroako Gobernuak hezkuntza arloan agindutako murrizketen kontrako mobilizazioak egiten ari dira. Lekaroz eta Elizondoko institutuetan, erraterako, irakasleak ortziralero elkartuko dira, “pairatzen ari garen murrizketak salatzeko”.
Irailaren 30ean, ortziral goizeko 11:00etatik 11:20era egin dute elgarretaratzea Lekarozko institutuan. Elizondoko Lanbide Heziketa Institutuan ere egin dute geldialdia, baita eskualdeko bertze ikastetxe batzuetan ere.
Mobilizazio egutegia
Ikastetxeetatik jakinarazi dutenez, urri osoan mobilizazioekin segitzekoak dira. Honela, urriaren 18an ordu bateko paroa iragarri dute Haur eta Lehen Hezkuntzan. Urriaren 20an, ordubeteko paroa irakaskuntza ertainean eginen da. Urriaren 25ean bi orduko paroak eginen dira etapa guztietan eta manifestazio indartsua egiteko asmoa ere azaldu dute, urriaren 27rako irakaskuntza publikoan iragarria dagoen grebaren aitzinetik.