Puntu bakarragatik Gipuzkoa nagusi Herrialdeen Txapelketan

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 29a

Joakin Aioroak zazpi puntuak eman zizkion Nafarroako taldeari, ingudearekin irabazita. Fernando Etxegaraik, Mielanjel Sukuntzak eta Iñaki Bereauk bigarren postua eskuratu zuten. Koldo Alduntzin

Lau kiroletan garaipena lortu du Nafarroako taldeak

Soilik puntu bateko aldeaz irabazi zion Gipuz­koak Nafarroa Garaiari irailaren 10ean Legution (Araba) jokatu den XXIII. Zazpi Herrial­den Arteko Txapelketan, baina Bizkaiak ere txapelketa aipagarria egin zuen, eta hirurek hagitz lehia txalogarria eskaini zuten.

Hamar urte igaro dira Gipuzkoak txapela berreskuratu ahal izateko, azken zazpi urteo­tan, bertzeak bertze, Nafarroa Garaia gailendu delako erabat.

 

Gipuzkoa erregularra

Gipuzkoa hiru kiroletan nagusitu zen: koxkor-biltzen, ha­rri-jaso­tzen eta txinga-eramaten. Azken bi kiroletan espero zen gipuz­koa­­rren garaipena, Aimar Irigoienek eta Juanjoxe Agirregabiriak irabaztea pronostikoetan sartzen bai­tzen, baina Eneko Garmendiak lehen aldiz irabazi zion Fernando Etxe­garai beratarrari koxkorrekin. Gipuzkoak erregulartasun handia izan zuen. Hiru kirol horietako garaipenaz gain, ingu­de-jasotzen, orga jokoan, aizkoran eta sokatiran lortu bai­tzuten gipuz­koa­rrek bigarren sailka­tzea. Hirugarren postua, be­rriz, lasto-jasotzen, zaku­-eramate lasterketan eta arpanean lortu zuten.

Nafarroako taldeari dagokionez, lau kiroletan lortu zuen garaipena: Joakin Aioroa iturendarrak ingude altxa­tzen, Berriozarko taldeak zakuak eramaten, Ultzamako Barberena anaiek trontzan eta Floren Nazabalek aizkoran.

Koxkor-biltzen Fernando Etxegarai beratarra bigarren izan zen, txinga eramaten Mielanjel Sukuntza leitza­rra eta lasto altxatzen Iñaki Bereau igantzia­rra bezala. Sokatiran hiruga­rren izan zen Amaiur. Hemen, ustekabean Lapurdik eraman zituen zazpi puntuak. Harri jasotzen ere hirugarren izan zen Josetxo Urrutia lei­tzarra. Azkenik, orga jokoan Simon Thomas Callaghan aritu zen Nafarroa ordezkatzen eta bosga­rren sailkatu zen.

 

SAILKAPENA

1. Gipuzkoa (60 puntu)

2. Nafarroa (59 puntu)

3. Bizkaia (53 puntu)

4. Araba (35 puntu)

5. Lapurdi (34 puntu)

6. Nafarroa Beherea (20 puntu)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun