Fabian Thomé senpertarrak ‘Desde el sofá’ aurkeztu du Miarritzeko Maitaldian

Franck DOLOSOR 2011ko irailaren 29a

Fabian Thomeren ikuskizuna. Stephane BELLOCQ

Dantzari profesionala Madrilen bizi da eta han sortu du bere konpainia

Fabian Thomé Senpereko pilota eskolan aritu zen haurra zelarik, baina pilota plazak laster utzi zituen bere zale­tasuna dantza baita. Gazte gaztea zelarik Catalina Gomezek Doniba­ne Lohizunen duen flamenko eskolan sartu zen. Han ikasi zituen bere lehen urratsak eta berehala zerbait berezi sumatzen zitzaion taula gainerat hupatzen zelarik dohain haundia eta alderdia baitzuen ttiki ttikitik.

Hemezortzi urtetan Ipar Euskal Herria utzi zuen eta Madrilgo kon­tserbatorioan sartu zen dantzan aritzeko zuen maila hobetzeko xedearekin. Hantxe ikasten aritu zen hiru urtez eta geroztik bide egin du 30 urteko lapurtarrak. Bi urtez Joaquin Cortes kordobarraren konpainian aritu da eta geroago lehen dantzaria izan da Rafael Amargo granadarraren taldean. Joan den urtarrilean aspaldiko ametsa egia bihurtu zuen bere konpainia FT sortu baitzuen Espainiako hiriburuan. Talde honekin apailatu du Desde el sofá Espainiako ohiko dantza, flamenkoa, dantza modernoa eta antzerkia nahas­ten dituen ikusga­rria.

Taula gainean besaulki bat dago eta ho­rren inguruan ari da dan­tzan. Eguneroko biziko historia arruntak irudikatzen ditu. Maiatzean estrenatu zen ikusgarri hau Madrilen eta orain bidez bide dabil Fabian Thomé. Berriki, Miarri­tzeko Colisé aretoa bete zuen Maitaldia na­zioar­teko dantza festibalaren karietarat. Lehen aldia da etxean dantzatzen zuela profesional gisa. «15 urte geroago profesional gisa itzuli naiz», dio pozik. TTIPI TAPAri adierazi dioenez «ohore haundia» izan da Lapurdi kostaldean dantzatzea aspaldiko partez. Bertan egon ziren orain gutitan ikusten dituen bere familia, lagunak eta lehenagoko dantzari adiskideak. Colisé jendez mukuru betea izan zen nehoiz ez bezala. «Niretzat dantza dena da, nire bizia da, nire zaletasuna, hari esker jeikitzen naiz goizero». Thomé biziki zo­rro­tza da zuzentzen duen konpainiako kideekin baina oraino zorro­tzagoa da bere buruarekin. Zo­rroztasun horri es­ker eta milaka oreneko lanarekin lortu du dantzatzeko molde paregabea. Taula gainean sorpresa bat baino gehiago eskaintzen du flamenkoa eta Léo Férreren fran­tsesezko kantuak lotuz, bertzeak ber­tze.

Orain herriz herri ibiliko da Desde el sofá aurkezteko Frantzian eta Belgikan barna eta baita Donostian eta Gasteizen ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun