Bidasoko Bide Berdea egokitzeko obrak aste honetan hasiko dira

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 3a

Lanik handiena Alkaiagan N-121-A errepidea saihesteko lur azpiko pasabidea egitea izanen da. Artxiboko argazkia

800.000 euroko gastutik 500.000 Alkaiagan N-121A azpitik lurpeko pasabidea egiten erabiliko dira

Bidasoko bide berdea egokitzeko obrak datorren astean hasiko dira. Kostu osoa 800.000 eurorena da guztira. Horien % 65 (520.000 euro) Europar Batasuneko FEDER funtsak finantzatuko du eta gainerakoa (280.000 euro) Nafarroako Gobernuak. Partidei dagokienez, garrantzitsuena N-121-A errepidearen azpitik pasako den lurpeko pasabidea egitea izanen da; 500.000 euroko kostua du. Pasabide hori Alkaiaga inguruan eginen da.

Bidasoko bide berdea egokitzeko obrak datorren astean hasiko dira. Kostu osoa 800.000 eurorena da guztira. Horien % 65 (520.000 euro) Europar Batasuneko FEDER funtsak finantzatuko du eta gainerakoa (280.000 euro) Nafarroako Gobernuak.

Partidei dagokienez, garrantzitsuena N-121-A errepidearen azpitik pasako den lurpeko pasabidea egitea izanen da; 500.000 euroko kostua du. Pasabide hori Alkaiaga inguruan eginen da. Tunelaren zola, hango argiak eta bideko seinaleak egokituko dira. Argia egokitzeko lanak datorren astean hasiko dira. Aurreikusitakoaren arabera, obrak zortzi hilabetetan bukatuko dira. Bide berde hori Legasatik Endarlazaraino doa (35 km) Nafarroan. Hala ere, lanak bukatzen direnean, Legasatik Hondarribiraino (Gipuzkoa) joan ahal izanen da bizikletaz.

Ibilbide hori Eurovelo 1 proiektuaren parte da, Europa kontinentea alde batetik bestera zeharkatuko duten bizikleten hamabi ibilbideetatik lehena da. Bertizko Produktu Turistikoak Garatzeko Plan Estrategikoaren produktu nagusia da.

Juan Luis Sánchez de Muniáin Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak irailaren 30ean Baztanera egin zuen bisitan jakin du datu horien berri, eskualdeko agintariekin eta turismoaren sektoreko eragileekin hitz egin baitzuen.

Bilera horietatik lehena Bertizko Turismo Partzuergoko arduradunekin egin zuen, eta haiekin aipautako proiektua aztertu du. Bilera horretan, kontseilariarekin eta Carlos Erce Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiarekin batera, Bertizko Turismo Partzuergoko hainbat kidek hartu zuten parte, erraterako, Izakun Goñi kudeatzaileak, Antonio Erregerena presidenteordeak, Arantza Zubieta idazkariak eta Mari Jose Iparragirre administrazio kontseiluko ordezkariak. Batzarra Bertizko Jauregiko areto batean egin zuten.

 

Eskualdeko inguru turistikoetara bisita

Ortziral goizean, kontseilaria Iruritako Jauregia Dorretxera ere joan zen XVII. eta XVIII. mendeetako familia noble baten bizimodua nolakoa zen ezagutzera eraikineko altzarien bidez. Jauregia interes turistikoko Jabetza Partikularrak Irekitzeko Programaren barruko higiezinetako bat izan zen, Nafarroako Gobernuak 2008an eta 2009an abian jarri zuena. Sánchez de Muniáin kontseilariak Elizondoraino segitu zuen ibilbidea, eta, han, Baztango Jorge Oteiza Museo Etnografikoa eta bertan dagoen Javier Cigaren bilduma ikusi zituen. Beranduago, kontseilaria Arizkunera joan zen Señorío de Ursua hotela ezagutzeko. 2004tik dago zabalik.

 

Bilerak Urdazubiko eta Zugarramurdiko alkateekin

Sánchez de Muniáin kontseilariak Santiago Villares Urdazubiko alkatearekin ere egin zuen bilera. Alkateak bisitariak gidatu zituen Salbatore monastegia, herriko errota zaharra eta Ikaburuko lezea ikusteko ibilbidean.

Sánchez de Muniáin kontseilariak eta Carlos Erce, Jesús María Agerre Zugarramurdiko alkatearekin ere elkartu ziren. Harekin herriko leku turistikoak diren Sorginen Museoa eta Zugarramurdiko Lezea ikusi zituzten.

Kontseilaria, eguna bukatzeko, Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko José D'Arlas eta Luis Mari Ruiz kideekin batzartu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun