94 lagunek parte hartu dute aurtengo festetako zikiro jatean

Fernando ETXEBERRIA 2011ko irailaren 28a

Giro ederrean joan dira aurtengo festak ere. Fernando Etxeberria

Lehenengo eguneko emakumeen afarian 40 lagun elkartu ziren

Irailaren 8ko goizean botatako txupinazoarekin hasi ziren Lokariko Amabirjinaren jaiak. Ondoren txistulariekin kalejira eta Meza Nagusia izan ziren. Aizkora apustua ere egun berean egin zen, eta Eratsun eta La­rretxea, Rekondo eta Saralegiren aurka aritu ziren. Garaipena leitza­rrentzat izan zen.

Arratsaldean bi pilota partida jokatu ziren eta etxeko pilotariak, Bendoirok, ezin izan zuen markagailuan 22ra ailegatu. Ondoren, beste urte batez, Modestok ja­rri zituen herritarrak dan­tzan. Gauean, aurreko urteko ohiturari segituz, 40 emakumezko elkartu ziren afaldu eta txutxu­mutxuekin gozatzeko.

Ostiralarekin, mus txapelketa jokatu zen eta Pello Juanena eta Patxi­ku Retegik osatutako bikoteak irabazi zuen. Tolare eta Benjamin azpi­txa­peldun gelditu ziren.

Larunbatarekin egin zen zikiro jatean 94 lagun elkartu ziren, eta Anjel herriko akordeoilaria giroa alaitzeaz arduratu zen. Nabarmentzekoa da aurretik mahaiak para­tzen eta ondoren zerbi­tzatzen aritu zirenen lana­.

Doneztebeko Erreka Dantza Taldearen emanaldia ere ikustekoa izan zen, eta jendeak eran­tzun ona eman zuen, baita gogotik txalotu ere. Ondoren, Obanauke taldearekin dantzaldia izan zen goizaldera arte.

Igande arratsaldearekin beste bi pilota partida jokatu ziren eta festak akitzeko Modesto akordeoilariak dantzaldia eskaini zuen.

Musutruk aritzen diren bi lagunen lana ere nabarmentzekoa da: Ez­kurrako Cipriano aizkora apusturako egurra jar­tzeaz arduratu zen eta Julianek pilota partidetarako materiala prestatu zuen. Tantuak konta­tzeko tresna aski modernoa ere jarri zuen lurrean, eskolako tiza edo klera eta guzti.

Mariezkurrena familiak ere aipamen berezia merezi du. Izan ere, etxe­ko bajera herritar guztien­tzat zabaldu zuen, otorduak eta edariak eskaini eta mus txapelketa egiteko. Arretaz eta atsegintasunez zerbitzatu zuten.

Eratsungo festetara kanpotik joaten direnei arreta pizten diena, hala ere, pilota partidak frontoi zaharrean joka­tzen direla da, nahiz eta frontis altuegia eta ezke­rreko pareta garai bateko elizaren paretari itsa­tsia duen, eta hiru leihorekin, gainera. Duela urte batzuk inauguratu zen frontoi estalia, baina he­rritarrek zaharra nahiago dute. Hartara, publikoa kantxatik hurbilago gelditzen delako eta jendeak etxeko balkoi eta leihoetatik partidak ikusten ahal dituelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun