Neguko hotzeko prestatzen

Markel LIZASOAIN 2011ko irailaren 28a

Gisa guztietara ikus daiteke egurra etxe inguruan pilatuta. Markel Lizasoain

Jendea ari da lotea etxera ekartzen

Hilabete batzuk dira lotea bota zutela, eta ari da jendea, txandan-txandan, etxera egurra ekar­tzen eta etxeko zokoren batean edo ahal den lekuan pilatzen; dotore asko batzuk, betiko klasera beste batzuk. Edozein­ aldetara ere, polita egiten du egurrak etxeko atarian: «Heldu den neguko, seguru gaude», pentsatuko du batek baino gehiagok.

Aurten, Tantadi alde horretan bota dute lotea (jendeak Tantada esaten dio), Hautsideko erreka ondoan; non den, zehatz, ez dakigu, dakienari ez baitiogu galdetu. Inguru hartan, behinik behin, eta, jakina, pagoak berak ez baitira etortzen, bila joan­ behar. Motozerra eta aizkorak ongi zorroztu, erre­gaia eta gosaria hartu, eta tratorearekin mendira. Bi edo hiru buelta berdin egin behar izaten dira, eta lanak akitzekin, beti izaten da zer kontatua: eskapadaren bat, lotearekin konforme ez, egur konkorren bat erreka zulora joana eta hau eta beste. Askok nahiago, halere, mendiko fres­kuran izerditu belarra­ri­ buelta ematen ari baino.

Egurra etxera ekarrita, ez dira lanak akitzen: gurdia hustu, aizkorarekin txikitu eta pilak egin. Horiek denek sukaldea berotzeko balioko dute gero, negua goxoxeago egiteko, baita gaztainak erretzeko ere. Morko­tsak ari dira gorritzen eta irekitzen; eta, ongi bidean, sanmigeletako izanen dira lehenbizikoak; orduan, askorik ez da falta gaztaina jateak egiten hasteko: su eder bat egin, ganbaratik zartagina sukaldera ekarri, gaztainaz bete, labatza jautsi, zartagina labatzean sartu, eta hari soinua atera, gaztainak txipli-txaplaka hasi arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun