Ostatu-aterpetxearen 22 urteko ibilbidea

Amaia MINDEGIA 2011ko irailaren 28a

Utzitako argazkia

Orain 24 urte berritu zen Beintzako Ostatua, egun duen itxura hartuz. Bi urte geroxeago, 1989an, oraingo ostalariek hartu zuten, eta Udalak beheitiko solairua zesioan utzita, aterpetxe bihurtzeko lanari ekin zioten: ikastetxeak, mendizaleak, asteburuko koadrillak eta familiak...

Hamar urte geroago, Aterpetxe Turistikoen legedia zabaldu zen Nafarroan eta Beintzakoa izan zen onartu zen lehenetarikoa, 30 plazarekin. Bitartean, Orbela enpresa sortu zuten, aterpetxeko kudeaketaz gain, bertan antolatzen ziren aktibitateak (mendi ibilaldiak, ikastetxe egitarauak­, udalekuak, zerbitzuak...) bideratzeko. Aterpetxearen martxa ona zela eta, bigarren eraikuntza alokatu zuten ostalariek, bertze 16 lagunentzako, denetara 46.

2010ean aterpetxea berritu zen, plaza guztiak elkartuz (orain 44 ditu), aktibitateentzako gela berriak sortuz eta ostalarien etxebizitza egokituz.

Gaur egun ia 1.800 lagun pasa­tzen dira urtero Beintzako Ostatu-Ater­petxetik. Gehienak ikastetxe edo udaleku taldeak dira; eta batez ere euskaldunak, inguruan disfrutatu eta gustura sentitzen direnak. Urteotan aterpe­txeko proiektua indartu egin da eta gaur egun, lau lagun ari dira lanean, urte sasoiaren arabera, eta monitoreak udan...

Etorkizunera begira, «krisiaren muturra» somatu duten arren, ez zaie itxaropenik falta: proiektu berriak dituzte esku artean eta gainera Udalak­ Aizkolarien Etxea-Museoa abiatu du.

Urriaren 8an 22 urte beteko ditu eta eurek dioten bezala, «krisia eta etorkizuneko zalantzak alde batera utzita, oraina elkarrekin ospatzera gonbidatzen zaituztegu, 22 urtetan bizitzaren bidean elkartu eta gure gorabeherak ezagutu dituzuen lagun horiek».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun