Urriaren 8a egun berezia izanen da. Alde batetik, Ittur-Ondo elkarteak Urriruko Besta antolatu du aurten zortzigarren aldiz eta gainera, berrikuntza batzuk ere prestatu ditu. Baina egun horretan Beintzako ostatu-aterpetxeak bere 22. urteurrena ere ospatuko du eta horren harira, Beintzako ostalariek aterpetxean egin diren haunditze lanak ikustera joateko gonbidapena luzatu dute, baita goizean eginen diren ekitaldietan parte hartzeko ere. Ikusi iragarkia.
Arratsaldean gehiago
18:00etatik aitzinera Zubietako Joaldunak karrikaz-karrika ibiliko dira eta 19:00etan herriko aizkolarien saioa izanen da. Ondotik, 06:00etan Jaime Mindegia prestatzen hasitako afariaren txanda izanen da. Kanalean 200 bat kilo pisatzen dituen aretzea prestatuko da, eta 21:00erako prest egon beharko du. Aurten ere karpa barruan izanen da afaria eta guztira 200 lagunendako izanen da.
Afaltzeko orduan zozketa bat eginen da; Nafarroako produktuen zare eder bat.
Herritar gehienak ez ezik, inguruko herrietatik ere jende andana hurbilduko da egun horretan Beintza-Labaienera. Aurten, gainera, erakustaldi berezia izanen da afaltzeko tenorean. Izan ere, sabeldantza giroan afalduko dugu bertara inguratzen garenok. Zenotzeko Rebeka Ericek eta Iruñeko Adasha dantza taldeko kideak bere sabeldantza mugimenduekin alaituko dute aretze jatea. Ikuskizun polit eta ezberdin honetan parte hartzera gonbidatzen zaituzte Ittur-Ondok.
Azkenik, Iruritako Frantxixko akordeoilariarekin dantzaldia izanen da goizaldera arte.
Bai egun horretan bai aurretik laguntzen ariko diren elkarteko kide eta herritarrei ere bere esker ona azaldu nahi izan die elkarteko batzordeak.
Afarirako txartelak elkartean, herriko ostatuetan eta Baleztena dendan izanen dira salgai, urriaren 2ra arte. Eskertuko da txartelak epe barrenean erostea, antolatzaileek jakin dezaten zenbat jende bilduko den.
Patxaran dastaketa
Ittur-Ondo elkarteak larunbat honetan, urriak 1, afaria antolatu du patxaran dastaketaren aitzakiarekin. Edozein inguratzen ahal da afaltzera egun horretan; kontuan hartu dastaketa afal aitzinean izanen dela.