Eskualdeko alkateen bortzetik bat 30 urtetik beheitikoa da

Gurutze PIKABEA 2011ko irailaren 28a

Maiatzeko hauteskundeen ondotik sartu diren alkate berri batzuk hagitz gazteak dira

Oier Eizmendi Leitzako alkatea, Pello Etxabide Lesakakoa, Amets Inda Sunbillakoa, Ur Algero Aresokoa eta Pablo Miranda Goizuetakoa gazterik sartu dira alkatetzan. 30 urtez beheitikoak dira guztiak eta lehendik alkate lanean aritu gabeak.

Azken hauteskunde hauek haize berriak eka­rri dituzte eskualdera. He­­rri aunitzetako udaletxeetara alkate gazteak ailegatu dira, eta bereziki Bildu koalizioaren izenean. TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Nafa­rroako 25 udale­rrietatik hemeretzitan izendatu ziren maia­tzaren 22an alkateak eta horietatik ham­abi sekula alkate­tzan egondu gabekoak dira. Aunitz gaz­teak dira; Areso, Goizueta, Lei­tza, Lesaka eta Sunbi­llakoak, adibidez, 30 urtez behei­tikoak dira eta Aran­tza eta Baztangoa ere 40 urte azpitik dabiltza.

Peio Etxabide eta Oier­ Eizmendi Lesaka eta Lei­tzako alkateek 22na urte dituzte, Lesakakoak abenduan 23 eginen ditu eta Leitzakoak ekainean, kargua hartu baino bi egun lehenagotik be­te zituen 22 urte. Amets Inda Sun­­billako ordezkariak, berriz, 28 urte ditu, urta­rrilean eginak. Eskualdeko alkateen artean gazteenetakoak dira, hiruak Bildurekin aurkeztuak, eta egun batetik ber­tze­ra herriko gazte arrunt­­ bat izatetik, herri­ko alkate izatera pasatu dira eta ho­rrek aldaketa ekarri du euren bizitzara. Batzuek ordura arte­ zuten egitekoa utzi­ eta alka­tetzari dedika­tzen diote orain egunerokoa; bertzeek, berriz, alkate arduraz gain, lehengo lanari ere eusten diote. Ez dute euren burua politikari gisa ikusten, baina maiatzeko hauteskundeetan emaitza onak jaso zituzten euren herrietan eta ilusioz hasi dute ibilbide be­rria.

 

OIER EIZMENDI, LEITZAKO ALKATEA

«Gaur egungo gazteria gero eta indibidualistagoa eta pasotagoa da, nahiz eta herri txi­kie­tan ez den horrenbeste nabaritzen»

Azken aldian hedabideetan norbait azaldu bada, hori Oier Eizmendi­ Lei­tzako alkatea izan da. Ez berak nahita, Espainiako Auzitegi Nazionalak inputatuta deklarazioa hartu diotelako baizik. Baina hori aparte utzita, «pertsona alaitzat» dauka 22 urteko gaz­teak bere burua: «umorea gustuko dut eta nire alderik­ onenetakoa­ dela iruditzen zait». Baina bestetik, «lanak aurrera atera behar direnean serio jarri eta lan egiteko ‘ahalmena’» baduela ere esan di­gu. Lagunen laguna dela ere gaineratu digu, baita «konfidan­tza azkar hartzen» duela ere.

«Herri honen normalizazio politikoan nire ekarpen txikia egite­ko aukera ona irudituta» eman zuen baiezkoa zerrendaburu izate­ko­ proposatu ziotenean: «Espainiako Gobernuaren politika tarte­ko, herrian aurkeztu ezin zen jende asko zegoen eta norbaitek izan behar zuen alkate. Niri proposatu zidaten eta buel­ta batzuk eman ondoren aurkeztea erabaki nuen».

Alkate izateak aldaketa «haundi samarra» ekarri omen du be­re­ bizitzara. Izan ere, herriko ordezkari izendatu arte, Goi Maila­ko­ Lanbide Heziketako ikasketak bukatu eta Ibarrako enpresa­ txi­ki batean hasi zen lanean: «09:00etan sartzen nintzen lanean eta 13:00etan atera etxera bazkaltzera joateko. 15:00etatik­ 18:00­etara ere aritzen nintzen. Behin etxera iritsita lagunengana joaten­ saiatzen nintzen, gero etxera joan, afaldu, telebista pixka bat ikusi eta lotara». Orain, alkate izanagatik Ibarrako enpresan jarraitzen­ du eta eguerdian eta arratsaldean lanetik ateratakoan egiten du udaletxeko buelta: «bukatzeko ez dut ordu­tegirik izaten, eguneko­ lanak amaitu arte geratzen naiz. Normalean­ 21:00­­eta­tik­ aurrera izaten da etxera iristera­ko». Bi lanek­ ez diote bere­ gau­zetarako denbora gehiegirik uzten: «egunak­ oso luze bihurtzen­ zaizkit eta gustuko dudana egiteko ez dut denbora asko izaten». Baina duena aprobetxatzen saiatzen da «lagu­ne­­kin egon eta gus­tuko gauzak egiteko». Saskibaloia eta zinema ere gogokoak­ dituela aipatu digu. «Astebukaeretan koadrillakoek parran­dara­ko­ gonbidapena egiten didate, baina ni indarberritzen saiatzen naiz».

Gaur egungo gazteria «bizi dugun egoera sozio-ekonomikoa tarte­ko, gero eta indibidualistagoa eta pasotagoa» delakoan da­go­­ alk­­ate gaztea, nahiz eta, «herri txikietan, zorionez, ez den horren­beste nabaritzen». Leitzaren kasuan, herri mugimendua da Eiz­men­diri bere herritik gehien gustatzen zaiona, eta «une zailetan aurrera ateratzeko daukan indarra» ere bai. Lau urte haueta­ko hel­bu­ru nagusia, berriz, «gauzak ondo egiten saiatzea izanen dela», adierazi digu.

 

PEIO ETXABIDE, LESAKAKO ALKATEA

«Gauzak bertze modu batera egiten ahal direla pentsatzen dugulako eman nuen zerrendaburu izateko baiezkoa»

Mendiko lanetik udaletxeko lanera. Horixe egin du Peio Etxa­bi­­­de 22 urteko Lesakako gazteak –aurten 23 urte beteko ditu–. Izan ere, ekainaren 11n alkate izendatu zuten arte, mendian aritzen­ zen lanean. Orain, ordea, eszedentzia hartu du eta alkatetzari eskaintzen dio bere egunerokoa. Pentsatzekoa da eguneko zeregina­ aldatu­ zaiola; eta «dena diferentea» dela erran digu: «Lehengo lana­rekin nahiko goiz ateratzen ginen etxetik eta ilunduta ailega­tzen ginen etxera. Oraingoak ez du lehengoare­kin deus ikustekorik, orain paper kontuak dira». 09:00 aldera joaten da Herriko Etxe­ra eta eguneroko kontuekin joaten zaio goiza, «batzuetan 15:00 arte han izaten naiz, goizago batzuetan eta beranduago bertzeetan. Ez dugu ordutegi finkorik. Eta arratsal­de gehienetan ere zerbait egin beharra izaten da». Baina mendiko­ lanak ematen ez zion denbora librea ere badu: «Orain astetartez lagunekin egoteko eta gustuko gauzak egiteko denbora gehiago iza­ten dut».

Mendia da Etxabideren afizio haundienetako bat: «betidanik gustatu izan zait». Mendian lan egiten zuen orain arte, baina ber­tzela ere, mendira joatea gustatzen zaio. Bizikletan ibiltzea ere gustuko omen du, baita lagunekin egotea ere. Eta noski, adin ho­rrekin lagunekin besta egitea ere bai. Hala baieztatu digu berak. Izaeraz, «nahiko lotsatia» izan arren, jendearekin egotea tokatzen ari zaion­ honetan, «irekitzen» ari dela kontatu digu.

Ilusioz hasia du ibilbide berria gazte lesakarrak, nahiz eta aitortu digunez, «gauza batzuk nahi ez genituen bezala tokatu zaizkigun». Horren adibide, Kultur Etxearen proiektua aipatu digu: «Kultur Etxea egitekotan bertze modu batera planteatuko genuke, jendearen beharrak ongi ikusiz. Eta udaletxean sartu garenean ikaragarrizko proiektua aurkitu dugu eta nahiko lotua, gainera». Bere irudiko, «azken urteetan Lesaka bezalako herri baten­tzat gauza haundiegiak egin dira eta aitzinetik egin dena orain ordaintzen ari da. Zor haundia du Lesakak». Egoera ekonomikoa «txarra» dela iritzita, inbertsio haundiegirik ezin izanen dutela egin jakinarazi digu, baina badituzte bertzelako proiektuak: «euskara bultzatu, lehen sektorea indartu, auzolana martxan paratu...».

Gaur egungo gazteria «bakoitza bere gisa­ra dabilela» uste du Lesakako alkateak, eta «zuzenean zerbaitek ez badigu eragiten ez gara mugitzen, ez dugu konpromisorik hartu nahi». Baina bera, gaztea izana­gatik, lanerako gogoz dago, «gauzak bertze modu batera egiten ahal direla pentsatzen dugulako».

 

AMETS INDA, SUNBILLAKO ALKATEA

«Soberan ez dut deus ere ikusten herrian, baina egitekoak badirela iruditzen zait: eskola berria, biribilgunea...»

Bibliotekonomia eta Dokumentazioan diplomatua da Amets Inda, ekainaren 11z geroztik Sunbillako alkatea den 28 urteko neska gaztea. Zinegotzi izateko aurkeztu zuen bere burua, eta azkenean zerrendaburu izatea tokatu zitzaion. %59,16ko partehar­tzea izan zen hauteskundeetan, botoen %90,74 jaso zituen bere taldeak. Kargua hartu zuenetik, alkatetzari dedikatzen dizkio bere orduak, eta ikasle izatetik alkate izatera pasatzeak bere bizi­tzan «aldaketa haundia» ekarri duela aitortu digu: «Egunero bada zeregina, goizetan udaletxera joan eta bertze­ edozein lanetan bezala egitekoak daude. Sunbillan denak elkarri lagun­tzen saia­tzen gara, eta beraz, beti zerbait egin beharra izaten dugu. Horrez gain, arratsaldetan Udalak parte hartzen duen erakundeetako bilerak izaten ditugu». Kontatu digunez, «momentuz» ez omen du alkate lanean zailtasun haundirik aurkitu «taldekideak­ nik ez dakizkidan gauzetan laguntzen saiatzen direlako». Zailtasu­nik ez, baina bere gustuko gauzak egiteko denbora­ librerik ere ez omen du izan: «hasierako hilabete hauetan ez gehiegi, baina gauzak lasaituko direnaren itxaropena dut», dio. Alkate izanagatik­ ez du politikari bezala ikusten bere burua: «ber­tze herritar bat be­zala naiz, baina erakunde publiko baten bitartez gainon­tzeko he­rritarrentzat egin daitekeen guztia egiten saiatzen dena».

Gaztea da oraindik Inda, baina badu gainontzeko gazteen inguruan bere iritzia ere: «batzuk mugitzeko prest eta aldaketak bu­ltzatzeko gogoz ikusten ditut, baina bertze batzuk hagitz akomo­datuak».

Dena den, Sunbillako alkatea izateaz aparte, Ametsek baditu bere zaletasunak: «egunero zerbait berria ikastea gusta­tzen zaion pertsona» dela erranez aurkeztu digu bere burua, eta «irakurtzea, musika entzutea, sukaldatzea, bizikletan ibi­l­tzea eta bidaiatzea» dira bere gustuko afizioetako batzuk. «Jendearen artean dagoen giro ederra» da bere herritik gehien gustatzen zaio­na, eta lau urte hauetan helburu nagusia «jendeari ahalik eta gehien laguntzea» izanen dela aipatu digu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun