Asteburua baino lehen jakina zen Urriza eta Lizaso izanen zirela Nafarroako erremonte txapelketako finalean izanen zen bikoteetako bat. Bigarren bikotea erabakitzea falta zen eta hori Endika eta Miguel Mari Urrutia Saldiasko lehengusuek osatutakoa izanen da.
Ez zuten lan xamurra saldiastarrek, ligaxkako lehen partida galduta eta Urrutia I hiru astez geldirik egon ondotik ekin baitzieten asteburuko bi partidei. Irailaren 23an, ortziralean, Donezteben, etxeko bikotea zuten arerio, Xanti Uterga eta Patxi Olazarek osatutakoa. Uterga txapelketako aurrelaririk onena izaten ari zen, baina Miguel Mari Urrutiak partida bikaina egin zuen, Endikak ongi lagunduta.
Irailaren 25ean, igande eguerdian Uharteko Toki Alai pilotalekuan, berriz, Endika eta Urrutia I.ak garaipena behar zuten Urriza eta Lizasoren kontra. Partida bikaina egin zuten laurek. Urrutia agintzen hasi zen gibelean eta horri esker, Endikak tantu politak egin ditu aitzinean. Horri esker, 27-34 irabazten joan ziren saldiastarrak baina Endikak pilotakada bat hartu zuen sudurrean eta 28-34tik 34-36ra hurbildu ziren Urriza eta Lizaso. Ez hori bakarrik 37na, 38na eta 39na berdindu zuten. Garaipena nahitaezkoa zuten Endika eta Urrutiak eta aurrelariak hartu zuen ardura azken tantua eta bi hormako bikain batekin akitu zuen partida. Seguruenik, frontoi laburrean ikusi den erremonte politenetakoa izan zela aipatzen zuten pilotazaleek.
Berriz ere irailaren 30eko finalean bi bikote hauek izanen dira aurrez aurre. Ortziral arratsaldean Agoitzeko pilotalekuan izanen da hitzordua.