Nafarroako bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko zen Uharten (Iruñea) irailaren 25ean, igande arratsaldean eta lehia ikusgarri baten ondotik, Berriozarko Julen Kañamaresek jantzi zuen txapela. Bigarren Etxarri Aranazko Juan Jose Erdozia izan zen eta bera ere lehen mailan ariko da hurrengo denboraldian. Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia, Jose Antonio Loiarte zubietarra eta Arkaitz Olano leitzarra sailkatu ziren ondotik.
Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko enbor bana moztu behar zuen. Kañamaresek hasierako kanaerdiko enborretik hartu zuen sailkapenaren burua eta aldea handitzen joan zen azkenaurreko enborra bitarte. Horretan 50 segunduko aldea ateratzen zion Erdoziari eta 51koa Mindegiari, baina azkeneko enborrean Etxarrikoak estutu zuelako edo Berriozarkoa lasaitu zelako, azkenean 9 segundutan gelditu zen aldea. 18 minutu eta 23 segundu behar izan zituen Kañamares gazteak lanak akitzeko eta 18 minutu eta 32 segundu Erdoziak.
Hirugarren Xabier Mindegia izan zen. Kosta egin zitzaion lehian sartzea eta lehen kanaerdikoa eta lehen 60 ontzakoa mozten azkena izan zen. Bigarren enbor horretarako minutu eta 5 segunduko aldea ateratzen zion Kañamaresek. Baina oinbikoa mozten bikain ibili zen eta azkena izatetik bigarren izatera pasatu zen. Baina beharbada horrek bete egin zuen Beintza-Labaiengoa eta azkenaurreko enborra kasik Erdoziarekin batera moztu bazuen ere, azkenean, Etxarrikoak baino 17 segundu gehiago behar izan zituen (18:49). Jose Antonio Loiarte zubietarrak ere lan txukuna egin zuen, erregulartasuna mantendu zuen eta minutu baino guttiago behar izan zituen honek ere lana bukatzeko (18:58). Bera zen finaleko beteranoena eta gazteenak ere, Arkaitz Olano leitzarrak, lan polita egin zuen, nahiz eta azkenerako nahiko luze egin proba. 20 minutu eta 20 segundutan bukatu zuen lana.