Irailaren 24ean, Nafarroako UAGN sindikatuaren eskutik, Nafarroako Nekazaritzaren Eguna ospatu zen Donezteben.
Larunbat goizean meza izan zen elizan, Eduardo Zubikoa tenoreak eta Andrea Jimenez sopranoak kantuz alaitua. Mezatik ateratakoan, Zubietako joaldunak aritu ziren eta eguerdian Nafarroako produktuen erakusketa eta dastaketa izan zen Agroturanaren eskutik, baita haurrendako tailerrak, kalejira Iruñeko Jaiak Txarangarekin, azienda erakusketa eta puzgarriak. Miguel Angel y el Mariachi La Cantina taldeak mexikana doinu ezagunak ere hedatu zituen. Merkatuko Plazan herri kirol erakustaldia izan zen, aizkolariak eta ardi ile mozketa erakustaldia, bertzeak bertze. Gero, mila lagun inguru bildu ziren kiroldegian prestatua zegoen bazkarian.
Bazkalondoko kafearekin batera, kontzertua eskaini zuen berriz ere Miguel Angel y el Mariachi La Cantina taldeak. Felix Bariain UAGN sindikatuko presidenteak solasaldia eskaini zuen eta sektorearen premien berri eman zion Lourdes Goicoechea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Lan eta Ingurumen Departamentuari. Lehenbiziko eskaria, berriz ere nekazari eta abeltzainendako departamentu propioa izatea izan zen. Horrekin batera, “nekazaritza eta abeltzaintzak Nafarroan krisiari hobexkoen aurre egin dion sektorea” dela azpimarratu zuen, “inbertsioei eta lanerako gogoei” esker. Sektorearen arazorik handienak “prezioak eta banatzaileen diktadura” zela aipatu zuen. “Gure helburua ez da izan behar produktuak kolokatu eta noizbait ordainduko digute erratea, saldu eta kobratu baizik”.
Erremonte erakustaldiarekin eta Erreka dantza taldearen aktuazioarekin akitu ziren Nafarroako Nekazaritzaren Eguneko ospakizunak.