Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietako partida jokatuko dute irailaren 23an, ortziral arratseko 20:30ean Doneztebeko udal pilotalekuan. Saldias eta Doneztebe arteko finalerdia dela ere erraten ahal da, Endika eta Miguel Mari Urrutia lehengusuak, Xanti Uterga eta Patxi Olazarren kontra ariko baitira. Olazarrek, belaunean min hartua dagoen Julen San Miguelen lekua hartuko du.
Partida hau, berez, irailaren 10ean jokatzekoa zen Zubirin, baina gibeleratu egin zen Urrutia I.aren lesioarengatik.
Bi bikoteentzat hil ala biziko partida izanen da finalean sartzeko. Doneztebarrek irabaziko balute zuzenean sartuko lirateke finalean. Saldiastarrek irabaziko balute, aldiz, bere lehen garaipena lortzearekin batera, irailaren 25ean, igandean Uharteko Toki Alai frontoian jokatuko den finalerdietako ligaxkako azken partidaren emaitzaren esperoan egon beharko lukete.
Dena dela. finalean Urriza eta Iñaki Lizaso doneztebarra izanen dituzte esperoan, Urtasun eta Etxeberria III.ak irabazi egin baitzietan Endika eta Ioni irailaren 21ean Antsoainen.