Europako joku luzeko esku pilota txapelketa asteburuan jokatuko da Iruñean

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 22a

Baztanek ez du lan xamurra izanen, Europan tradizio handia baitu luzeko esku pilotak. Juan Mari Ondikol

Hamar talde ariko dira eta Baztan izanen da Nafarroako ordezkaria

Aurten lehendabiziko aldiz, zuzeneko esku pilota txapelketa jokatzen ari da Europako kluben artean. Modalitate hau hemen bote luzea izenarekin ezagutzen dena da, eta jokatzeko moduak laxoaren antza haundia du: jokoaren kontzeptua, kontatzeko modua, pilotalekua... berdinak dira. Aldatzen den gauza bakarra zera da: laxoan eskularrua erabiltzen dela eta pilotak desberdinak direla. Elizondon hilabete hasieran lehenbiziko kanporaketak jokatu ziren eta azken fasea asteburuan jokatuko da Iruñean, ortziraletik igandera.

Kanporaketa saioen ondotik hamar talde gelditu dira asteburu honetan Iruñeko Antoniutti parkean jokatuko den azken faserako: horietatik bortz Valentziakoak izanen dira (Godelleta, Tibi, Benidorm, Sella eta El Campello), bat Holandakoa (Freneker), bat Frantziakoa (Maubeuge), bi Belgikakoak (Kersken eta Charleroi) eta Baztan izanen da Nafarroako ordezkaria, modalitate ezberdinetan aritzen diren pilotariak bildu dituen taldearekin. Laxoan nahiz eskuz aritzen diren Joseba eta Mikel Iraola, Gaizka Otxandorena, Xabi Arraztoa, Gonzalo Borda, Iñaki Etxenike Iñaki Esain profesional ohia eta Gorka Urtasun erremontelari profesionala ariko dira.

Lehenbiziko fasea irailaren 23an, ortziral arratsaldeko 16:00etan hasiko den kanporaketa partidekin abiatuko da. Franeker, Sella eta Godelleta taldeak elkarren kontra ariko dira, larunbat goizean jokatuko diren final laurdenetako txartel baten bila. Final laurdenetako partidak erabakiak daude.

Larunbat goizean final laurdenak, arratsaldean finalerdiak eta igande goizean finala

Larunbat goizeko 10:00etan Kersken (Belgika), Valentziako El Campelloren kontra ariko da; 11:00etan Maubeuge (Frantzia), Benidormen kontra; 12:00etan Baztango taldea hasierako faseko irabazlearen kontra lehiatuko da eta 13:00etan, Tibi Charleroiren kontra. Irabazleek finalerdiak jokatuko dituzte, larunbatean 16:30ean eta 17:30ean (Baztanek irabaziko balu, ordu horretan ariko litzateke Tibi-Charleroi partidaren irabazlearen kontra) eta final handia igande goizeko 11:30ean jokatuko da.

Halere, ez du lan xamurra izanen Baztanek, Valentzian nahiz Herbeheretan tradizio handia baitago eskuz luzean aritzeko. Horren adibide, Holandako txapelketako azken finalak 12.000 ikusle izan zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun