Aizkora gustuko duenari ez zaio aukerarik faltako datozen egunetan, lehenbiziko, bigarren eta hirugarren mailako saioak jokatuko baitira. Horietako aunitzetan, Euskal Herriko edo Nafarroako txapeldunak erabakiko dira.
Igande honetan, Euskal Herriko I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Arbizun eta eskualdeko ordezkari bakarra Oihan Larretxea beratarra izanen da. 12:00etan hasiko da saioa eta sailkatzen diren lehen sei aizkolariek Elizondon azaroaren 6an jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.
Irailaren 25ean Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko da Uharten (Iruñea). 17:30ean hasiko da lehia eta bortz aizkolarietatik hiru eskualdekoak izanen dira: Arkaitz Olano leitzarra, Jose Antonio Loiarte zubietarra eta Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia.
Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa urriaren 2an jokatuko da Etxarri Aranatzen, 13:00etatik aitzinera. Bertze aizkolariekin batera, inguruko hauek ere han izanen dira: Donato Larretxe aranztarra, Ander Erasun aurtiztarra, Jon Rekondo leitzarra, Oihan Larretxea beratarra eta Ruben Saralegi leitzarra.
Egun berean Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketa jokatuko da Aizarnazabalen, 18:00etan hasita. Sei aizkolari ariko dira nor baino nor, eta tartean Jose Antonio Loiarte zubietarra eta Asier Pellejero aresoarra.