Duela lauzpabortz urte hasi zen erremontean Andoni Saldias oiztarra eta orain, 19 urte dituenean, profesionala da. Abuztuaren 13an debutatu zuen Hernaniko Galarreta frontoian profesionaletan, Oriamendi enpresarekin. Hasteko, sei hilabeterako kontratua egin diote, baina gerora urtero berritzen omen da kontratua. Gogotik ari da entrenatzen eta horrez gain, zaintzen ere bai, diestista baten aginduei kaso eginez. Gaztea den arren, erremontean segitzea gustatuko litzaioke.
Herriko frontoian laxoan jokatuz eman zituen bere lehenbiziko pilotakadak Andoni Saldiasek, oraindik mutikoa zela. Handik erremonterako saltoa egin zuen eta 14-15 urterekin klasekide batzuk Doneztebeko erremonte eskolan izena eman zutenean, eurekin animatu zen. Hantxe eman zituen urte bat eta erdi, Landerrekin entrenatzen. Gero Iruñerako bidea hartu zuen eta bolada batez han ibili zen erremontean. Azken bi urteotan, berriz, Hernaniko Galarretan ibili da eta oraindik hala segitzen du. Baina orain ez da afizionatua, orain profesionala da.
Bi hilabetez profesionalekin entrenatzen ibili ondotik, abuztuaren 13an debutatu zuen Hernaniko Galarreta frontoian eta «arrunt ongi» joan zela kontatu digu. «Hasieran pixka bat urduri» sentitu arren, adierazi digunez, «partida ongi hasi zen eta akitu arte ongi joan zen». Oriamendi enpresa sortu zenetik, bera eta Jaime Juanmartiñena añorgarra dira profesionaletan debutatu duten lehenbiziko bi jokalariak.
Afizionatuetatik profesionaletara pasatuta ez omen du alde haundirik nabaritu: «salto haundi haundia ere ez da izan. Bi hilabete daramatzat profesionalekin entrenatzen eta entrenamenduak berdintsuak dira, nahiz eta partida batzuk gogorragoak diren». Eta egia errateko, abuztu gogorra izan du, atseden hartzeko denbora gehiegirik gabe. Debutatu zuenetik, bi astez zazpi partida jokatu baititu. Azken aldian, partidak tarteko entrenamendu guttiago egiten dituzte, baina normalean entrenatzera Galarretara joaten da Oizko gaztea, bertze profesinonalekin entrenatzera: «San Migel, Zubiri, Barrenetxea, Oinatz, Matxin VI.a...», aipatu dizkigu. Gaineratu digunez, «astean hiru aldiz entrenatzen dugu, astelehenetan, asteazkenetan eta ortziraletan. Orain, ordea, astez ere partidak izaten ditugu».
Entrenamenduez aparte, aunitz zaintzen dela ere aitortu digu Saldiasek. Aunitz argaldu da eta dietistarekin dabil, eta berekin, aunitz kontrolatzen duela azaldu digu.
Indarra aipatzekoa
Atzelaria da eta indarra da bere ezaugarri nagusienetakoa. Ezagutzen duen edozeini galdetuz gero ere, horixe nabarmenduko luke. Teknika, ordea, hobetu behar omen du: «teknika aunitzik ez dut eta ikasi beharra dut».
Debutatu berria izanik, aunitz erreparatzen die bertze profesionalei eta gustukoenen artean, Migel Mari Urrutia saldiastarra eta Julen San Migel doneztebarra aipatu dizkigu. Eta gustuko frontoia? «Herri ttikietan ere ibiltzen gara baina nik nahiago dut Galarreta».
Erremontea bizibide izateko amets
Oraindik gaztea bada ere,19 urterekin, garbi du erremontean segitu nahi duela. Maiatzaz geroztik, Martikon lan egiten du eta hilabete honetan ere segituko du. Hori akitzean, erremonteari dedikatu nahi dizkio orduak, eta Oriamendirekin duen sei hilabeteko kontratua ongi aprobetxatu nahi du. Gerora, urtero berritzen dute kontratua. «Bitartean lana ateratzen bada, lanean ere segituko dut». Ikastea ez baita berea: «ikastea ez zait gustatzen», dio. Erremonterako dohainak badituenez, ea baduen zortea horretan.
PROFESIONALETAN
«Salto haundia ere ez da izan. Bi hilabete daramatzat profesionalekin entrenatzen eta entrenamenduak berdintsuak dira, nahiz eta partida batzuk gogorragoak diren».
ENTRENAMENDUAK
«Astean hiru aldiz entrenatzen dugu, astelehenetan, asteazkenetan eta ortziraletan. Orain, ordea, astez ere partidak izaten ditugu».