Bi egunetan bina hitzordu, eta bat bertzearengandik ez sobera urruti. Mendi bizikleta gustuko dutenek horretarako aukera ederra izanen dute heldu diren asteburutan. BTT edo mendi bizikleta ibilaldiak antolatu dituzte Lesakan eta Plazaolan irailaren 18rako eta Saran eta Beran irailaren 25erako.
LESAKAKO BTT Beti Gazte Elkarteak antolatuta, igande honetan, irailak 18, eginen da Lesakako BTT ibilaldia. Bi ibilbide izanen dira aukeran, 52 kilometrokoa bat eta 32 kilometrokoa bertzea, erdi mailako zailtasuna eta zailtasun altua dutenak eta 1.700 metroko desnibel positiboarekin. Kirolariak 09:00etan aterako dira Lesakako plazatik. Hori baino lehen, 08:00etatik aitzinera eman beharko da izena, edo Internet bidez (www.betigazte.net edo www.kirolprobak.net) ortzegun hau baino lehen. Egun berean apuntatuz gero, bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta ez direnek 17 euro. Internetez eginez gero, berriz, 15 euro. 350 lagunetan finkatu dute partehartzaileen muga. PLAZAOLAKO BTT ETA MARATOI ERDIA Natur bideen Europako Eguna dela aprobetxatuz, bi ekimen prestatu ditu Plazaola Partzuergo Turistikoak: VIII. Mendi Bizikleta Martxa alde batetik, eta V. Maratoi Erdia bertzetik. Maratoi Erdia aukeratzen dutenek Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugatik Lekunberrirako bidea egin beharko dute, 21 kilometro. 09:30ean aterako dira. Izen-ematea lasterketa baino lehen egin beharko da eta asteazken hau, irailak 14, izanen da azken eguna. Lekunberriko Turismo Bulegoan edo www.plazaolakirolak.org helbidean egin beharko da, 15 euro ordainduta. Mendi Bizikleta Martxa nahiago dutenek hiru ibilbide izanen dituzte aukeran: 40 kilometrokoa (Andoain-Lekunberri), 15 kilometrokoa (Leitza-Lekunberri) eta 4 kilometrokoa (Lekunberri-Mugiro-Lekunberri). Kasu hauetan aitzinetik edo egun berean eman daiteke izena. Ibilbide luzea aukeratzen dutenek izena aitzinetik ematen badute 11 euro ordaindu beharko dituzte eta egun berean 15 euro; hamabortz kilometrokoa aukeratuz gero, aitzinetik 7 euro eta egunean bertan 9 euro; lau kilometroko bidea aukeratzen duenak aitzinetik 2 euro eta egun berean 3 euro ordaindu beharko ditu. Sarako BTT Sarakoa Turismo Bulegoak antolatua da Sarako Mendi Bizikleta proba eta bi ibilbide izanen dira aukeran: 22 kilometrokoa eta 32 kilometrokoa. Goizean, 09:00etan aterako dira plazatik eta 1.400 metroko maldari egin beharko diote aurre. Kaskoa beharrezkoa izanen da, baita lizentzia edo urtebete baino guttiago duen medikuaren agiria ere. Bizikletan ibiltzeko ateraldiaz gain, zintzur bustitzea, hornidura puntuak eta opariak ere izanen dira parte hartzen dutenentzat. Ibilaldian atera nahi duenak zortzi euro ordaindu beharko ditu eta informazio gehiago nahi badu Turismo Bulegora jo dezake (0033) 559 542014.
Berako BTT
Hilaren 25ean, 10:00etan, bertze mendi bizikleta ateraldi bat antolatu du Beran Gure Txokoa Elkarteak. Matzadatik abiatuta hiru ibilbide izanen dira aukeran, joan den urtean bezala: lehendabizikoak 30 kilometro ditu, bigarrenak 20 kilometro eta haurrenak 10 kilometro. Bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkideak ez direnek 15 euro.
Parte hartzaileei kamisetak eta txirrindularitzako materiala banatuko zaizkie opari gisa. Horrez gain, lasterketaren bukaeran, Kate Bikek oparitutako materiala eta bi bizikleta zozketatuko dira, baita Larun Haizpe Berako merkatarien elkarteak emandako diru txartelak ere. Luntx ttiki bat ere izanen da.