Andde Irosbehere irratilaria ahots ezin saihetsia bilakatu da France Bleu irratiko uhinetan

Franck DOLOSOR 2011ko ira. 15a, 11:29

Andde Irosbehere irratilaria lanean. Franck Dolosor

Larresoroko gazteak lotura sakonak ditu Senpererekin

Ipar Euskal Herrian gehien entzuten den irra­tiaren uhinak euskaldun­tzen ditu Anddek asteburu guziz eguerditan. Joan den maiatzean ain­tziratik aritu zen zuzenean Herri Urrats­ bestaren karietarat, amaren sortetxetik hurbil. Buru gainean kaskoak zituela Peio Oça­frain uztariztar gazteari elgarrizketa egin zion Zelanda Berrirat egin zuen bidaiaz.

Andde Irosbehere irra­tilariak 24 urte ber­tzerik ez ditu baina denbora laburrean Iparraldean entzule gehien duen komunikabideko ahots saihestezina bilakatu da. Duela sei urte Gure Irratian bizi izan zuen lehen esperientzia arrunt­ gustukoa izan bai­tzuen ildo horretan segitzea deliberatu zuen. Bere boza maiz entzuten da orain Baionatik zabaltzen den Urdin Euskal Herri Irrati publikoan.

• Larresoron bizi zara baina gutik dakiten lotura berezia duzu Senpererekin...

Nire ama Bernade­tte senpertarra da, Zamora familiako zortzi anaia-arre­betarik azkena, Auxtin Zamora olerkariaren arreba da, beraz. Larresoron pasatu dut haur­tzaro guzia, baina 17 urte arte kasik igande guziz joaten ginen Altzibururat, ama­txiren ikustera. Orroit naiz kondatzen zizkidan ixtorioetaz Senpereko he­rriari buruz. Orain gu­ttiago joaten naiz baina badakit nire erroak han direla.

• Zergatik nahi izan zenuen irratilaria izan?

Ttipitatik irratiak erakarri nau. Etxean irratia entzuten ginuen maiz. Orroit naiz ttikitan Gure Irratiko jokoetan parte hartzen ausartzen nintze­la. Irratiak baditu berezitasun interesgarriak : badu prentsa idatziak ez duen bizitasuna, soinua; irudirik ez da baina entzu­leak bere irudimena piz­ten ahal du. Beste gauza­ ainitzek ere erakartzen naute lan hortan: jendeekiko hurbiltasuna, bai antenan bai eta erreportajeen egiteko momentuan ere; jendeen informa­tzea… Haatik gaztetan, ez nekien zer lanbide eginen nuen, eta kasualitatez irratian lan egiteko proposamenak ukan ditut, eta horrela ha­si naiz. Gaur egun, irra­ti­gintza lanbide bat baino gehiago pasio bat da niretzat.

• Zaletasun honek lan haundia ematen dizu...

Asteburuko emankizunak euskaraz eguerditan, ortziral goizeko saioa frantsesez hiru astero. Beste kronika ba­tzuk ere bai: erreportajeak, agendak, b.a.-ba du basque delako kronika, nun hitz zonbaitzu erakasten diedan euska­ra mintzo ez duteneri… Baina denbora erdiz naizenez, ordezkapen ainitz egiten ditut beharra badelarik. Uste dut France Bleu irratiko emankizun guziak bederen aldi batez aurkeztu ditudala.

• Iparraldeko bi min­tzai­retan ongi molda­tzen zara...

Biziki interesgarria da. Bi hizkuntza erabiltzea beti aberasgarria izaten da. Niretzat aski naturala da, eguneroko bizian erabiltzen ditudan bi hiz­kuntzak baitira. Hori dela eta, euskarak frantsesak baino toki murritzagoa du antenan, eta per­tsonalki nahiko nuke presentzia gehiago ukan dezan, batez ere goizetan: baditugu bizpahiru minu­tako kronikak euskaraz, frantses emankizunen barnean, eta horrelakoak biziki interesgarriak dira euskara ez dakien publikoak hizkuntza en­tzuten baitu. Lotura bat egiten dugu euskaldun eta ez euskaldunen artean… eta lotura hunek, zubi hunek, euskararen hedapena aitzinaraz dezakeela sinisten dut.

• Zoin da lanaren alderik onena? Eta txa­rrena?

Alderik onenak jendea eta Euskal Herria ezagutzea dira. Lanean hasi naizen geroztik, gauza ainitz ikasi eta desku­britu dut! Hortan da pla­zer haundiena nire­tzat. Alde txarrak gutti dira. Ba­tzutan, tratatu behar ditugun gaiak edo egin behar ditugun elga­rriz­ke­tak inposatuak zaizkigu eta ez dira baitezpada gustukoenak… Hale­re, plazer ainitz hartu dut Larraineko Monzon pastoralari buruz erreportaje bat egiterakoan. Lekukotasun interesgarri eta hunkigarriak bil­tzeaz­ gain, musika eta kantu ederrekin beztitu nituen elgarrizketak, eta nire iduriko irratian erreportajeek behar dute soinu bizia... Bestalde, kronika bat egin nuen atze­rrian bizi diren euskaldun ba­tzueri buruz, telefonoz. Potreta batzuk ahaz­te­zinak geldituko dira, horien artean, Jose Goitia Kuban bizi den argazkilaria, edota Laurent Dufourg, sortzez kan­boa­rra, hunek Estatu Batuetan izugarriko fortuna egin du pertsona ezagunen ile-mozlea bilakatuz! Luxuan bizi izanki ere, pertsona sinplea da.

• Eta elkarrizketatu nahi zenukeen norbait?

Amets bat baizik ez bada ere, Steven Spielberg! Ez baitezpada egin dituen film oso arrakastatsuengatik, baizik eta laster aterako den Tintin filmaren aipatzeko! Tintin Hergé-ren komikiaren zale amorratua naiz.

 

BI HIZKUNTZEKIN LANEAN

«Lotura bat egiten dugu euskaldun eta ez euskaldunen artean... Eta lotura hunek euskararen hedapena aitzinaraz dezakeela sinisten dut»

Andde IROSBEHERE Larresoroko irratilaria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun