Txapela nahi baino urrutiago gelditu da

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 14a

Sariak banatzean, Urrutia, Ezkurra eta honen semea. Elremonte.blogspot.com

Erremonteko buruz buruko finalean aritu da Miel Mari Urrutia

Banakako erremonteko finala zuten saldistarrek eta donezteba­rrek hilaren 3an. Erreka berekoak izanda, erdibidea ere ez zen txarra partida jokatzeko, baina Galarretak xarma handia du, eta Hernanira joan ziren denak: alde batetik, saldistar eta eratsundar mordoxka bat, Urrutia txapeldun atorra soinean zutela, eta, beste aldetik, autobus bete doneztebar. Jende modakoa ere joan zen partida ikustera: han ziren Kaikuko arrau­nlariak, frontoiko idorrera etorriak, Korta oriotarrarekin. Ongi betea zegoen, behinik behin, frontoia.

Bi pilotariek ere ez zuten hutsik egin. Hor atera ziren galtza zuriekin, eskua xextoan eta kaskoa besapean, txalo artean. Haien aurpegietan nabari zen finaletako tentsioa. Hiruga­rrena nahi zuen Urrutia I.ak, eta hamaikagarrena Koteto Ezkurrak. Partida hasi baino lehen­txeago, bi aitaren egin zituen Miel Marik, eta jendea animoka aritu zitzaion fuerte, baina estu samar hasi zen; Exku­rra, ordeo, lasai arraio ibili zen, urte asko baitira maila horretako partidak jokatzen, bai eta aprobetxatu ere lehendabiziko tantoetan eskapo egiteko. Tanto motxak izandu ziren partida erdi arteraino edo, eta izerditzen hasi arte, aldea handitzen joan zen Doneztebeko mutila. Partida erditsuan, orain batek orain bes­teak, tantoak eginez joan ziren. Miel Marik errebotean ikusten zuen zuloa, eta Kotetok seigarren koadroko itza­lean. Gero, hiru tantora hurbildu zen Miel Mari bizpahiru aldiz; batetik bestera ibili zuen Ezku­rra tanto horietan: nola atzeko koadroetara lasterka, nola aurreko koa­droetan iraulka. Zenbait­ tantotan, hiru-lau me­troko izerdi ze­rren­dak utzi zituen Ez­kurrak lu­rrean, baina tantoak bere aldera ekartzen hasi zen bueltan. Sakean, Miel Marik behar zuen nagusi, baina horretan ere Exkurrak asmatu, eta saldistarra, juxtuxeago. Hala ere, gure­ mutila ez zegoen boneta erregalotan emateko, eta eginahalak eta bi egin zituen, baita jendea berotu ere, animo gehiago emateko; hogeita bederatzigarren tantoan, gainera, sake-erresto batean, belauna txikitu ez bazuen; mainguka akitu zuen partida. Atzeneko, behinik behin, Ezkurra ailegatu zen lehenago 30era, eta, hamaikaga­rren aldikoz, hura txapel­dun. Partida akituta, Tomas Rekondo lagunari eskaini zion txapela.

Kontuak kontu, ez du nolanahiko txapelketa egin Miel Marik, eta Ezkurraren kontra gal­tzea ez da edozeinen kontra galtzea, erremonteak eman duen pilotaririk hoberena izanen da eta. Gainera, final batera ailegatzea, hutsa, handia da, eta ospatzeko modukoa. Biek ospatu izanen zuten, dudarik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun