Joan den abuztuaren 31n Arkupeak elkarteak Arantzazura eta Loiolara joateko ateraldia antolatu zuten. Guztira 395 bazkidek parte hartu zuten irteeran, eta Ezkurratik 18 lagun joan ziren. Bere garaian, jende asko joaten zen erromesaldian Arantzazura. Eta bi dira horren atzean dauden arrazoiak: alde batetik, frantziskotarrak ziren Ezkurrara etortzen zirenak herri misio ospetsu horietan eta lego batzuk ere pasatu ohi ziren basilika berria eraikitzeko limosna eskatuz. Horrek arrastoa utzi zuen. Gainera, bokazio erlijiosoa sentitzen zuten gazte eta ez hain gazteak Arantzazura ikastera joatea oso ohikoa zen. Zortzi bederatzi lagun ibili ziren Arantzazuko ikasgeletan eta hiruk apaiz frantziskotar egiteko bidea aukeratu zuten.
Baina garaiak aldatu egin dira. Gero eta sekularizazio haundiagoa dago, gazteriak behera egin du nabarmen eta gaur egun hemen ez dago bokaziorik. Iraganeko oroitzapenak baino ez dira gelditzen eta jende helduak Arantzazuko amabirjinarekiko debozioa sentitzen du. Horregatik ez da harritzekoa Arantzazura egindako ateraldiak hainbeste lagunek parte hartzea. Aralarrera eta Jabierrera jende gutxiago joaten da.
Aurtengo irteeran eguraldiak lagundu egin zuen. Bero haundirik ez zuen egin eta Loiola ondoan egindako bazkaria oso goxoa izan zela esan zuten askok.
Bazkalondoko dantzaldian herritarrak dantzan ageri diren argazkiak badira eta egia da ez direla gauza txarrik egiten ari, baina herriko festetan baino animatuagoak ageri direla, hori egia da.