Joare soinuak, aizkolariak eta bertsolariak hilaren 24an eginen den Joaldunen Egunean

Arkaitz MINDEGIA 2011ko irailaren 14a

Irailaren 24ko bestan, goizean goiz hasiko dira joaldunak joareak astintzen. Artxiboko argazkia

07:30ean elkartuko dira joaldunak plazan / Ameztira eginen dute lehenbiziko bisita

Udako oporrak pasatuta, Ibin­tza Kultur Taldea, Joaldunen Elkartea eta Inauterietako komisioa lanean hasi dira, eta lehendabiziko ekitaldia dagoeneko gain­ gainean dugu: irai­laren 24an Joaldunen Eguna ospatuko da eta goiz-goizetik nabarituko dira joare doinuak han eta hemen.

 

Goizean, 07:30ean, joaldunak plazan elkartuko dira 10:00 alderako Ameztia auzora joateko. Goizaren zati gehiena Ameztian barna pasako dute baserriz baserri joare eta trikitixa doinuekin. Baserrietan ongietorri goxoa egiten diete, pasta, pintxo, eta jakiekin. Eta Ameztiko itzulia akituta, Lasaga auzora jeitsiko dira joareen soinuak, eta gero herrira.

Eguerdi aldera, joaldunek eta trikitilariek herrian eginen dute azken itzulia. 13:30ean aizkora apustua izanen da plazan: Anjel Arrospide eta Joxemari Olasagasti ariko dira nor baino nor. Ondotik bertsolariek bertso batzuk botako dituzte bazkaldu aitzinetik.

Bazkaria plazan eginen da 15:00 aldera eta honako menua izanen da: urdaiazpikoa, langostino egosiak, ensala­da mista, baratxuri eta ganba nahaskia, bildo­tsa, hojaldrezko tarta, kafea, kopa, kaba eta puroa. 30 euro balioko du eta txartelak Herriko Ostatuan eta Ariztegi harategian salgai egonen dira irailaren 20a bitarte.

Eguna ongi akitzeko arratsaldez eta gauez Aierrik taldearekin dan­tzaldia izanen da.

 

OHARRAK

Epea pasatu ondotik, Joaldunen Eguneko herri bazkarirako txartelagatik bortz euro gehiago ordaindu beharko dira. Bertzalde, antolatzaileek bazkarira baserritarrez jauntzita joateko gonbitea luzatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun