Ibantelitik Hiru Muga bitarteko eremuan, osotasunean eta integralki ordenatzeko akordioa sinatu zuten hilaren 4an Sara eta Etxalarko Herriko Etxeek. Horretarako, dokumentatu egin dituzte usoak Etxalarko sareetara hurbiltzeko Sarako dermioetan dauden bederatzi trepak. Migel Mari Irigoien eta Jean Battite Laborde Etxalar eta Sarako alkateek sinatu zuten agiria. Irigoienek aipatu zuenez, «dokumentu honekin errespetua eman nahi diegu inguruotan ibiliko diren mendizaleei, sareetan ariko diren usazaleei eta eskopetarekin arituko diren ehiztariei, denak gaur egun indarrean dagoen ehizaren legearen barrenean daudelako». Aldi berean, ingurumenarekin eta legez babestuak diren hegaztiekin errespetua izateko eskatu zuen.