Orain artekoa mantenduz proiektu berriak landu nahi ditu Arkupeak-eko zuzendaritza berriak

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 14a

Hauxe da Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzorde berria. Ezkerretik hasita, Jose Oronoz, Jose Mª Irazoki, Mª Isabel Mitxeltorena, Pedro Bañares, Fernando Etxeberria, Gemma Gamio, Pakita Mikelarena et

Adin desberdinetako bazkideengana ailegatu nahi dute

Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzorde berria lehen pausoak ematen hasia da. Orain arteko bi­dea­re­kin segitu nahi du, baina aldaketak egin eta proiektu berriak ere atera nahi ditu aitzinera. Bertzeak bertze, estatutuak eguneratu nahi dira, komisioak eratu dituzte, zerbitzu berriak eskaini nahi dira, baita diru iturri berriak bilatu ere. 

 

Ilusioz eta gogoz hasi du ibilbide berria Arkupeak elkarteko zuzendaritza berriak. Uda honetan hasiak dira lanean eta ez zaie proiekturik falta. Hauek dira zu­zendari­tza batzordea osatzen duten aurpegi be­rriak: Pe­dro Bañares doneztebarra lehendakaria da, Ezku­rrako Fernando Etxe­be­rria lehendakariordea, Mª Isabel Mi­txel­to­rena doneztebarra idaz­ka­ria, Jose Oronoz irurita­rra diruzaina eta bortz bo­ka­lak hauek: Juana Mª Bertiz donamariarra, Pakita Mikelarena legasarra­, Gemma Gamio do­nez­te­ba­rra, Jose Mª Irazoki beratarra eta Jose Luis Lega­rra doneztebarra.

Proiektu andana dituzte eskuartean. Aldaketak egin nahi dituzte, baina argi dute orain arte­ Arkupeak-ek egin duen bidea ere mantendu nahi dutela. Guztiengana ai­legatzea da helburua. Izan ere, aski eremu zabalean bizi diren 3.100 bat bazkide ditu Arkupeak-ek, Urdazubitik Donibane Lohizuneraino eta Leitzalderaino. Eta eskualde zabalaz gain, denetariko bazkideak. Zuzendaritzatik adierazi digutenez, «Arkupeak-en adin eta egoera desberdineta­ko pertsona aunitz gaude. Denak diferenteak gara eta inte­res diferenteekin. Badira­ 60-65 urte­koak, sasoi onean, eta adinean aurre­ra­go joanak ere bai. Denen­tzat aile­gatze­ko ekin­tzak pres­tatu nahi ditugu».

 

Estatutuak eta funtzionamendua

Hasteko, estatutuak dira eguneratu nahi dituz­tenak eta horren barne, elkartea zertarako den zehaztu­ nahi dute: «zer den elkartea, zertarako eta nola antolatu ikusi beharko da», diote zuzendaritza berriko kideek. Gisa berean, lau urtetik behin zuzendaritza ba­tzordea berritzeko hauteskundeak egitea ere proposatu dute.

Bañares, Etxeberria, Irazoki eta Legarrak izanen dute estatutuak eguneratzeko ardura eta ondotik, zuzendaritzako gainerakoen aitzinean aur­kez­­­tuko dituzte proposa­menak. Herrietako ordez­kariei bidaliko zaie gero eta ondotik, Nafa­rroako Gobernuari, behin betiko onartua izan dadin.

Funtzionamendua aha­lik eta eraginkorrena izan dadin, komisioak bereizi dituzte: ba­tzor­de ekonomikoa alde batetik, ber­tzeak bertze, au­rrekon­tuez, dirulagun­tzez eta finantza erakundeez arduratzeko. Bidaien ba­tzordea dago ber­tzetik; ins­tituzio eta hedabideekin harremanak hiruga­rrenik, eta gizarte eta kultur ga­rape­na azkenik. Gainera, urri­tik ai­tzinera ad­mi­nis­tra­ri bat kontratatuko da lanaldi erdian eta garbitzaile bat ere hartu da lanaldi erdian.

Kudeaketari dagokio­nean, afiliazioa eta ban­ku­ko kontuaren helbi­de­ra­­­tzea ezinbertzekotzat jo dituz­te. «Orain arte, baz­­kideek delegatuei ematen zieten kuota edo bidaien dirua. Honek diruzainari ematen zion eta honek bankura eraman. Hori baino erra­zagoa da zuzenean bankutik ko­bra­­tzea», diote zuzen­da­ri­tzakoek. Honen harira, erran, kuota sei eurotik zortzi eurotara igo dela.

Herrietako delegatuen lanaz ere ez dira atzen­du. 41 dira guztira eta urteetan «etxez etxe lan haundia» egin dutela azpimarratzea nahi du zuzendaritzak. Lana erraz­tu nahi diete, baina hemendik ai­tzinera ere euren partehatzea ezinbertzekoa izanen da.

 

Zerbitzu berriak

Zerbitzu berriak ere eskaini nahi dituzte. Hasteko, webgune bat mar­txan paratzeko asmoa dute eta Internetek ematen dituen abantailak ere baliatu nahi dituzte. Baina teknologia berriak aunitzetan arazo bihurtzen dira adin jakin bateko jendearentzat eta horri ere aterabidea eman nahi zaio, informatika eta Inter­net bazkideei hurbilduz.

Sasoian dauden eta mendirako afizioa duten bazkideak ere badirela aprobetxatuz, mendi taldea sortu nahi dute elkartearen barne. Eta ber­tzetik, urteetan egiten diren bidaiez gain, berriak antolatzeko asmoa ere badute. Bidaien berri emateko modua ere aldatu eginen da. Orain arte, antolatzen zen bidaia bakoi­tzeko informazio-orri­ bana bidaltzen zen bazkideei. Orain, aldiz, lauzpasei hilabetetik behin boletin informatiboa kaleratuko da eta han agertuko dira bidaia guz­tien xehetasunak.

Gizarte alorra ere landu nahi dute. «Gure adinekoek ez dute oraingo gazteek izan duten auke­ra izan eskolara edo unibertsitatera joateko, baina jakinmina badute. Ho­rregatik, kultur jarduerak antolatu nahi ditugu, euska­raren erabilera indartu, hitzaldiak, taile­rrak eta ikastaroak antolatu...». Baina badituzte egitasmo gehiago ere: etxe­ra jatekoa edo erosketak eramateko zerbitzua, fisioterapia, podologia, ezinduentzako aulki, ohe edo gisako tresnak... eskaini nahi dira, baita aholkularitza zerbi­tzua ere, gai fiskalen in­guruan bazkideei lagun­t­za emateko: testamentuak, donazioak, pen­tsioak, jubilazioak... Baina hori boluntarioen laguntzarekin egin nahi da­ eta horretarako, kolabo­razioa eskatu dute: «Zonaldeko jende heldua­ren­ artean, ber­tzeei la­gun­tzen ahal dien aunitz dago, beha­rrak dituztenei esku bat botaz edo edozein gairekin lagunduz». Horren harira, zera adierazi dute, «zain­ gaude jendeak Arkupeak-etik zer espero duen jaki­teko, baina zerbait eskaintzeko prest dagoen jendea ere pozik hartuko dugu».

 

Bainuetxearen proposamena

Ar­kupeak elkarteko bazkideei eskaintza bereziak eginen zaizkiela erra­nez, eskaintzak egin dizkie Elgorriagako bainuetxeak. Akordioa lortu­ dela erran izan bada ere, zuzendaritzatik azaldu digutenez, oraindik ez dago deus erabakia.

 

Autofinantzazioa

Dirulaguntzak ere jei­tsi egin zaizkie: 2010ean guztira 54.613,30 euro hartu ziren Gobernutik eta Nafarroako Kutxa Fundaziotik eta 2011rako 38.595,75 euro aurrei­kusi dira. Dena den, diru­ sa­rre­rak jeitsi izanari au­rre egiteko ideiak ere ba­di­tuzte. Fundazioa sor­tzea, adibidez. Izan ere, fundazio bat eratuz gero­, enpresek edo partiku­la­rrek dirua emateko auke­ra edukiko lukete eta ho­rrekin zergak arinduak izanen lituzke. «Onuradu­nak zertan aterako garen­ ikusi behar da», diote.

Lanerako gogoa badute, proiek­tuak ere ugari. Erron­ka, orain, proiek­tu horiek denak aitzinera­ eramatea izanen da. «Arkupeak-ek orain arte ‘bi­daiak­ eta bazkariak’ kon­tzeptua izan du, baina guretzat hori baino zerbait gehiago da».

 

EMAN ETA HARTU

«Zain gaude jendeak Arkupeak-etik zer espero duen jakiteko, baina zerbait eskain­tzeko prest dagoen jendea ere pozik hartuko genuke»

Zuzendaritza Batzordea

 

Aste honetan Madrilera joanen dira eta bi aste barru Benidormera

Duela bi aste Arantzazun eta Loio­lako basilikan izan ziren. Asteazken honetan, Lezora joatekoak ziren eta ortziral honetan, irailak 16, Madril aldera joanen dira. Arkupeak-eko bazkideak ez daude geldirik egoteko eta elkartean hainbertzerako garrantzia duten bidaiak antolatuz segitu nahi du zuzendaritza berriak. Irailaren 16tik 23ra Madril eta inguruak ezagutzen ibiliko dira. Irailaren 29tik urriaren 13ra, berriz, Benidormen eginen dute egonaldia eta urriaren 30ean Lodosa eta Lizarrara joanen dira. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun