Etxalarko udalak 35.490 euro bilduko ditu Iarmendiko ehiza postuengatik

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 15a

Sexta garaiaren eta irailaren 13ko bigarren enkantearen ondotik, zertxobait igo da kopurua

Etxalarko Udalak 35.490 euro bilduko ditu Iarmendiko ehiza postuen truke, joan den ortziralean sexta garaia bukatu eta seitik batean hobetutako postuengatik astearte honetan egindako enkantearen ondotik. Honela, irailaren 3ko hasierako enkantean eskainitakoa 1.435 eurotan hobetu da eta Udalak hasieran egindako tasazioa baino 4.480 euro gehiago eskaini dituzte eskopeta ehiztariek.

Joan den ortziraleko sexteo garairako lau posturengatik bakarrik aurkeztu ziren eskaintzak. Honela, Etxalarko Ehiztari Elkarteak hartua zuen bigarren postua 20 eurotan hobetu da eta 875 eurotan hartu da azkenean. Hamargarren postua, hasiera batean 2075 eurotan tasatua zegoen, lehenbiziko enkantean 2.845 eurotan eman zen eta azkenean 3.329,17 euro ordaindu dira. Baina gehien hobetu dena hamabigarren postua izan da. Hasierako prezioa 1.355 eurokoa zuen, lehenbiziko subastan gehien igo zena izan zen, 3.395 euro bitarte eta azken enkantean, 4.530,84 eurotan gelditu da. Modu berean, irailaren 3ko enkantean hutsean gelditu zen hamazazpigarren postua bere hasierako prezioan, 855 eurotan eman da. Beraz, postu bakarra gelditu da aurten hutsean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun