Gipuzkoa nagusitu da Zazpi Herrialdeen arteko Txapelketan

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 12a

Puntu bakarreko aldea atera zioten azken zazpi edizioetan garaile izan zen Nafarroari

Soilik puntu bateko aldeaz irabazi dio Gipuzkoak Nafarroa Garaiari irailaren 10ean Legution (Araba) jokatu den XXIII. Zazpi Herrialden Arteko Txapelketan, baina Bizkaiak ere txapelketa aipagarria egin du, eta hirurek hagitz lehia txalogarria eskaini dute.

Soilik puntu bateko aldeaz irabazi dio Gipuzkoak Nafarroa Garaiari irailaren 10ean Legution (Araba) jokatu den XXIII. Zazpi Herrialden Arteko Txapelketan, baina Bizkaiak ere txapelketa aipagarria egin du, eta hirurek hagitz lehia txalogarria eskaini dute.

Hamar urte igaro dira Gipuzkoak txapela berreskuratu ahal izateko, azken zazpi urteotan, bertzeak bertze, Nafarroa Garaia gailendu delako erabat.

Gipuzkoa hiru kiroletan nagusitu da: koxkor-biltzean, harri-jasotzen eta txinga-eroaten. Azken bi kiroletan espero zen gipuzkoarren garaipena, Aimar Irigoienek eta Juanjoxe Agirregabiriak irabaztea pronostikoetan sartzen baitzen, baina Eneko Garmendiak lehen aldiz irabazi dio Fernando Etxegarai beratarrari koxkor-biltzean.

Gipuzkoak erregulartasun handia izan du. Hiru kirol horietako garaipenaz gain, ingude-jasotzen, orga jokoan, aizkoran eta sokatiran lortu dute gipuzkoarrek bigarren sailkatzea. Hirugarren postua, berriz, lasto-jasotzen, zaku-eramate lasterketan eta trontzan lortu dute.

Nafarroako taldeari dagokionez, lau kiroletan garaipena eta zazpi puntuak lortu zituen: Joakin Aioroa iturendarrak ingude altxatzen, Berriozarko taldeak zakuak eramaten, Barberena anaiek trontzan eta Floren Nazabalek aizkoran.

Aipatu bezala, koxkor biltzen Fernando Etxegarai beratarra bigarren izan zen, txinga eramaten Miguel Angel Sukuntza leitzarra eta lasto altxatzen Iñaki Bereau igantziarra bezalaxe. Sokatiran hirugarren izan zen Amaiur. Hemen, ustekabean Lapurdik eraman zituen 7 puntuak, Ñapurrak taldekoak nagusitu baitziren. Harri jasotzen ere hirugarren izan zen Josetxo Urrutia leitzarra, ingude jasotzen Joakin Aioroa iturendarra, lasto altxatzen Iñaki Bereau igantziarra. Orga jokoan, azkenik, bosgarren izan zen Metautengo Simon Thomas Callaghan.

 

Azken sailkapena

1. GIPUZKOA 60 puntu

2. NAFARROA GARAIA 59 puntu

3. BIZKAIA: 53 puntu

4. ARABA: 35 puntu

5. LAPURDI: 34 puntu

6. NAFARROA BEHEREA 20 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun