Irailaren 3an buruz buruko Kutxa txapelketako finalean belauneko bihurdura izan zuen Miguel Mari Urrutia erremontelari saldiastarrak eta ondorioz, larunbat honetan Zubirin jokatu behar zen Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako partida gibeleratzea erabaki du Erremonte Fundazioak. Kanporaketa horretan, Uterga eta San Miguel Endika eta Urrutiaren kontra aritzekoak ziren.
Urrutia ordezkatzeko moduko suplenterik ez dagoelakoan, kanporaketa Saldiaskoa sendatu arte gibeleratzea erabaki da. Bi asteko atsedenaldia hartu behar du eta larunbaterako iragarria zegoen partida irailaren 19 eta 24 artean jokatuko litzateke. Honela, txapelketak ez luke bertze aldaketarik izanen eta finala irailaren 30ean jokatuko litzateke Agoitzen, aurrikusia zegoen bezala. Sendatuko ez balitz, Endika-Urrutia bikotea txapelketatik kendu eta bertze hiru bikoteek jokatuko lukete finalerdietako ligaxka.
Zubiriko Esteribar pilotalekuan jokatzekoa zen partida hori Ameriketara joandako artzaien omenezko egunean eta, beraz, aldaketa izanen da programan. Uterga eta Lizaso, Endika eta San Miguelen kontra ariko dira.
Asteburu honetako Nafarroako txapelketako finalerdietako ligaxkako bertze partida, iragarri bezala, irailaren 11n, igande eguerdiko 12:00etan jokatuko dute Mutiloabeitin Urtasun eta Etxeberria III.k (Uterga eta San Miguelen kontra galdu egin zuten lehen partidan), txapelketan debuta eginen duten Urriza eta Lizasoren kontra.