Herri kiroleko Euskadiko zenbait txapelketa erabaki dira asteburuan

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 6a

2008an txapeldun izan ondotik, azken hiru urteetan lasto altxatzen Euskadiko azpitxapeldun izan da Iñaki Bereau igantziarra. Artxiboko argazkia

Mielanjel Sukuntza leitzarra txinga eramaten eta Iñaki Bereau igantziarra lasto altxatzen azpitxapeldun izan dira

Herri kirolean, Euskadiko zenbait txapel erabaki dira asteburu honetan eta eskualdeko kirolariak ongi ibili badira ere, ez dute txapela janzterik lortu.

Honela, irailaren 3an, larunbatean jokatu zen gizonezkoen txinga eramate txapelketa eta Debako Juanjoxe Agirregabiriak hirugarren urtez segidan txapela lortu zuen, 24 plaza egin ondotik. Iaz bezala, Mielanjel Sukuntza leitzarra azpitxapeldunizan da,21 plaza eta 10,33 metro egin ondotik. Gainerako kirolariak hurrun gelditu ziren. Arabako Kerman Perez de Heredia eta Jesus Domingo Larrazabalek 12 eta 11 plaza egin zituzten, Oscar Perez bizkaitarrak 10 plaza eta Metautengo Simon Tomas Callaghanek 9 plaza.

 

Gizonezkoen eta emakumezkoen arpana txapelketak

Euskadiko gizonezkoen trontza txapelketa ere larunbatean jokatu zen Donostian eta Iraizozko Iñaki eta Josetxo Barberena anaiek hirugarren urtez segidan irabazi zuten. Berriozarko Jose Luis Cano eta Raul Maiza izan ziren bigarrenak eta partehartzailerik gazteenak, Berako Igor Lasaga eta Etxalarko Xabier Galarregi, hirugarren. Beraz, podiumeko hiru postuak nafarrentzat izan ziren. Laugarren postua Zeanuriko (Bizkaia) Julen Etxebarria eta Igor Astondoak eskuratu zuten, bosgarrena Gerendiaingo Esteban Pikabeak eta Ripako Alvaro Morrondok eta seigarrena Ikaztegietako Unai Iraola eta Baliarraingo Jokin Garmendia gipuzkoarrek.

Donostiako jaialdi berean emakumezkoen arpana txapelketa ere jokatu zen eta Naia Larrañaga eta Olatz Bayer bizkaitarrak nagusitu ziren. Bigarren postua Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garciak eskuratu zuten, hirugarrena Lezaungo Ana Lopez eta Itziar Nuñezek eta laugarrena Arabako Naiara Ferran eta Marta Varelak.

 

Lasto jasotzen, Igantziko Iñaki Bereau bigarren eta Karlos Sein hirugarren

Euskadiko lasto jasotze txapelketa ere larunbatean jokatu zen Donostian eta hirugarren urtez segidan Dimako (Bizkaia) Jose Martin Bustinza “Tubi” izan zen irabazlea. 24 jasoaldirekin berak daukan Euskadiko marka berdindu egin zuen. Azken hiru urteetan bezalaxe, bigarren postua Igantziko Iñaki Bereaurentzat izan zen. 22 jasoaldi eman zituen eta 23 egiteko segundua eskas izan zuen. Hirugarren postua Karlos Sein igantziarrarentzat izan zen, 21 jasoaldirekin (3 segundu gehiago behar izan zituen 22. egiteko). Hogeina jasoaldirekin gelditu ziren laugarrenetik zortzigarren postura sailkatutako kirolariak, Dimako (Bizkaia) Joxemari Atutxa, Mutrikuko (Gipuzkoa) Gotzon Arrieta, Arangizko (Araba) Jose Lauzurika eta Getxoko (Bizkaia) Unai Ardeo. Hogeigarren altxaldia egiteko 4 segundu eskas izan zuen Oskar Telletxea igantziarra izan zen bederatzigarren. Getxoko Beñat Amade ere 19 jasoaldirekin gelditu zen hamargarren. Asteasuko (Gipuzkoa) Andoni Agirreurretak 16 jasoaldi egin zituen (11.), Arkaitz Retegi igantziarrak 12 (12.), Zizurkilgo (Gipuzkoa) Pello Argaiak 12 (13.) eta Igantziko Eneko Telletxeak 11 (14.).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun