Bigarren mailako Euskadiko aizkora txapelketako finalean sartzeko kanporaketa jokatu zen irailaren 4ean, igandean Zestoan. Hamabi aizkolari aritu ziren lehian eta horien artean, Ibarrako Unai Otañok egin zuen denborarik onena. Berekin batera, Ugaitz Mugertza mutrikuarra, Ander Erasun aurtiztarra, Arkaitz Olano eta Jon Rekondo leitzarrak eta Zumarragako Xabier Zaldua sailkatu ziren urriaren 9an Asteasun (Gipuzkoa) jokatuko den finalerako.
Aizkolari bakoitzak bost pago-enbor ebaki ditu: hiru kanaerdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat, ondoko hurrenkeran: kanaerdiko bat, 60 ontzako bat, oinbiko bat eta bi kanaerdiko.
Hamabi aizkolariek lauko hiru txandatan jardun dute. Lehen txandan, Zaldua, Rekondo kañamares eta Fausto Mugertza aritu dira lanean. Rekondok hartu du aurrea 60 ontzakoan, eta probaren buruan amaitu du, Zaldua izan delarik bigarren; biak sailkatu dira finalerako. Zaldua III. Mailan aritu zen iaz, eta aurten ari da II. Mailan, lehen aldiz.
Bigarren txandan, Teietxea, Olano, Aratz Mugertza eta Mindegia aritu dira. Hastapenetik hartu du probaren burua Olano gazteak; halere, oinbikoa ebakita, soilik 15 segundoko aldea atera dio Aratz Mugertzari. Azkeneko bi kanaerdikoetan, ordea, Olanok atzean utzi du Mugertza. Mindegia eta Teietxea atzetik aritu dira.
Hirugarren eta azken txanda izan da hiruretan estuena. Otaño, Erasun, Ugaitz Mugertza eta Aranberri lehiatu dira. Otaño, Mugertza eta Erasun aski parean aritu dira oinbikoa ebaki arte, baina hortik aurrera, Otañok azkartu egin du erritmoa, eta berak egin du txandako denborarik onena, eta baita kanporaketako onena ere. Txandako bigarren posturako norgehiagoka aipagarria izan da, eta azkenean, Mugertzak hartu dio aurrea Erasun; hirurak sailkatu dira finalerako. Aranberri bigarren enborretik hasi da atzeratzen.
2011ko kanporaketako sailkapena:
1. Unai Otaño Albizu (Ibarra, Gipuzkoa; 34 urte): 12:36
2. Ugaitz Mugerza (Mutriku, Gipuzkoa; 24 urte) 13:43
3. Ander Erasun (Aurtiz, Ituren, Nafarroa Garaia; 21 urte): 14:12
4. Arkaitz Olano (Leitza, Nafarroa Garaia; 21 urte): 14:21
5. Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa Garaia; 26 urte): 14:40
6. Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa; 33 urte): 14:49
7. Aratz Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa; 23 urte): 15:13
8. Manuel Kañamares (Arostegi, Nafarroa Garaia; 47 urte): 15:42
9. Fausto Mugerza (Mutriku, Gipuzkoa; 52 urte): 15:42
10. Xabier Mindegia (Beintza-Labaien, Nafarroa; 27 urte) 15:58
11. Joxemari Teietxea (Oiartzun, Gipuzkoa; 36 urte): 18:20
12. Javier Aranberri (Zumarraga, Gipuzkoa; 58 urte): 20:31
Aranberri azkena gelditu zen arren, oraindik ez dago erabakita maila galduko duen edo ez, Joxe Ugarteburuk ortziralean jakinarazi baitzuen ez zuela parte hartzerik izanen, eta ez osasun arazoengatik.